Bakterioek antibiotikoekiko duten erresistentzia osasun publikoko arazo garrantzitsua da, izan ere, erabilgarri dauden tratamenduen eraginkortasuna murrizten du eta ohiko infekzioak sendatzea zailtzen du. Horren ondorioz, hilkortasuna handitzen da, ospitaleko egonaldiak luzatzen dira eta osasun-gastuak areagotzen dira, eta, gainera, tratamendu-aukerak mugatzen dira. Elikagaiak ekoizteko hazten diren animaliek, hala nola abereek, bakterio erresistenteen gordailu gisa joka dezakete, eta bakterio horiek gizakiei transmititu ahal zaizkie zuzeneko kontaktuaren, elikadura-katearen edo ingurumenaren bidez.
Fenomeno hori ikertzeko, NEIKERen berriki egindako ikerketa batean oso ohikoa den bakterio batean jarri genuen arreta: Escherichia coli bakterioan. Zenbait kasutan, bakterio horrek entzima batzuk sortzen ditu (BLEE/AmpC motako β-laktamasak), eta entzima horiek infekzio larriak tratatzeko garrantzitsuak diren antibiotikoekiko erresistente bihurtzen dute, hala nola hirugarren eta laugarren belaunaldiko zefalosporinekiko.
Ikerketa honetan, behi-, ardi-, txerri- eta hegazti-aziendatik lortutako zefalosporinekiko erresistenteak ziren E. coli isolatuak aztertu ziren. DNA sekuentziatzeko teknika aurreratuen bidez (Oxford Nanopore enpresaren fragmentu luzeen sekuentziazio-teknologia erabiliz), bakterioen genoma osoa sekuentziatu zen. Emaitzek erakutsi zuten bakterio horiek aniztasun genetiko handia dutela, hau da, ez direla mota bakarrekoak, baizik eta hainbat leinu desberdinetakoak. Hala ere, antibiotiko anitzekiko erresistentziarekin lotutako elementu komunak zituzten.
Aurkikuntza nagusietako bat behi-aziendatik isolatutako E. coli andui batzuetan blaCTX-M-65 genea detektatzea izan zen. Gene horrek zefalosporinekiko erresistentzia eragiten du, eta ez da ohikoa mundu-mailan, bereziki behietan. Garrantzitsuena da gene hori ez zela bakterio-andui bakar baten hedapenaren bidez zabaltzen ari, plasmido izeneko elementu genetiko mugikorren bidez baizik. Ikerketa honetan, plasmido mota jakin bat (IncHI2) identifikatu zen blaCTX-M-65 genearen eramaile gisa, baita multierresistentzia-uharteetan kokatutako beste erresistentzia-gene askoren eramaile gisa ere.
Plasmido horiek bereziki kezkagarriak dira, bakterioen artean, baita espezie desberdinetako bakterioen artean ere, erraz truka daitezkeen “ibilgailu genetiko” gisa jarduten dutelako. Horrek antibiotiko-familia askorekiko erresistentzia azkar hedatzea errazten du. Horrenbestez, familia horietako edozeinetako antibiotikoak erabiltzeak plasmidoaren iraupena eta hedapena zeharka erraztu ditzake, baita zefalosporinak erabiltzen ez direnean ere.
Beste alderdi garrantzitsu bat da plasmido horiek dituzten anduiak potentzial zoonotikoa duten E. coli leinuetakoak direla, hau da, gizakiak infektatzeko gaitasuna izan dezaketela. Horrek areagotu egiten du kezka Osasun Bakarraren ikuspegitik, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunaren arteko lotura aitortzen baitu ikuspegi horrek.
Aurkikuntza horiek agerian uzten dute zein garrantzitsua den ekoizpen-animalietan mikrobioen aurkako erresistentzia zaintzea eta haren hedapena mugatzeko estrategia koordinatuak aplikatzea. Horrela, giza medikuntzan zein albaitaritzan funtsezkoak diren antibiotikoen eraginkortasuna babestu ahal izango da.
Azken ikerketa honen emaitza xehatuak Microbiology Open aldizkarian argitaratu berri dira, eta esteka honen bidez kontsulta daitezke.
Lan hau Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak (2019111038 proiektua) eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak (URAGAN 21-00012 proiektua) finantzatu dute.

