Behien paratuberkulosia (PTB), Johne-ren gaixotasun bezala ere ezagutzen dena, Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (MAP) delakoak sortutako, hesteetako infekzio kronikoa da eta galera ekonomiko handiak eragiten ditu munduko abeltzaintzan. Hori kontrolatzeko arazo nagusietako bat gaur egungo proba diagnostikoen sentikortasun txikia da, batez ere inolako zeinu klinikorik erakusten ez duten infektatuta dauden behiak detektatzeko. Hori dela eta, ikerketa honetan, animalia horietan, zeinu klinikoak agertu baino askoz lehenago infekzioaz ohartaraziko gaituzten biomarkatzaile posibleak identifikatzea proposatu genuen.
Horretarako, RNA (RNA-Seq) sekuentziazio masiboaren bidez, Holstein arrazako bi behi-talderen odolaren gene-adierazpenaren profil osoa aztertu dugu. Hauteriko talde bat, infekzio subkliniko baten ezaugarria den hesteetako foku anitzeko lesioak dituzten behiez osatua, (infektatuak baina zeinu klinikorik erakutsi gabe), eta bestea, 4 kontrol behiek osatuta, lesiorik eta infekzio-ebidentziarik gabe. Emaitzak alderatzean, animalia subklinikoetan 442 gene gainadierazita eta 830 gutxietsita zeudela ikusi dugu. Analisi horri esker, animalia subklinikoak defentsarako ezkutu koordinatu bat martxan jartzen dutela jakin dezakegu, MAPetik defendatuz gaixotu gabe. Animalia horiek MAP detektatzen dutenean, sortzetiko immunitatean inplikatutako gene talde bat aktibatzen dute indar handiz, interferonaz estimulatutako 15 faktoreak (ISG15) koordinatuta, eta MAP bezela zelulen barruan ezkutatzen diren patogenoei aurre egiteaz arduratzen direnak. Aldi berean, behi subklinikoen odoleko zelulek, eguneroko proteinen fabrikazio normala “itzaltzen” dute. Estrategia adimentsua da: gorputzak energia aurrezten du eta erasotik babesteko behar dituen proteinen ekoizpena lehenesten du soilik. Gure ikerketan, animalia subklinikoen ISG15 adierazpenaren aktibazioa RT-qPCR bidez baliozkotu da, eta emaitza sendoak lortu dira RNAren sekuentziazio masiboaren datuekin. Bitxikeria gisa, ikusi dugu animalia subklinikoetan asaldatuta agertzen diren bideetako batzuk COVID-19 edo Parkinson bezalako gaixotasunak zituzten gizakietan gertatzen direnen antzekoak direla, eta horrek erakusten du uste baino defentsa-mekanismo gehiago partekatzen ditugula.
Azterlan hau garrantzitsua da, aziendan MAPen aurrean ganadua nola defendatzen den hobeto ulertzen laguntzen digulako zeinu klinikorik ez duten eta gaur egungo diagnostiko-metodoekin nekez detekta daitezkeen animalietan. Gainera, funtsezko pista bat ematen digu: ISG15 bezalako geneak biomarkatzaile bihur litezke, etorkizunean animalia subklinikoak detektatzeko metodo sentikorragoak diseinatzeko aukera emango liguketelarik, artaldeen osasuna eta etxaldeen errentagarritasuna hobetzeko helburuarekin, NEIKEReko Animalia Zientziaren arloko konpromiso handietako bi.
Frontiers in Immunology-n (ESTEKA) argitaratutako azterlan hau, SERIDA Animalia Bioteknologiako Zentroarekin lankidetzan egin da, MICIU/AEI/10.13039/501100011033 eta “Europa egiteko modu bat” FEDERek finantzatutako PARARESILIENCIA (PID2021-122197OR-C21) proiektuaren esparruan. Prestakuntza-aldian, Arrate Prado-López Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa eta Arrantza Saileko IKERTALENT 2024 doktoratu aurreko kontratu baten onuraduna da (1029112).

