Hausnarkari txikietan akainek transmititutako gaixotasunak, Rumiland podcastaren atal bateko protagonistak

Akainak odolez elikatzen diren artropodoak dira, eta hainbat bakterio, birus eta protozoo transmititu diezazkiekete animaliei eta pertsonei. Hausnarkari txikietan, bektore horiekin lotutako gaixotasunak osasun-erronka garrantzitsua dira, bereziki abeltzaintza-sistema estentsibo eta erdi-estentsiboetan. Artaldeak akainekin eta horiek transmititzen dituzten patogenoekin kontaktuan jartzeko aukera hainbat faktoreren arteko elkarrekintzaren araberakoa da, hala nola klima, paisaiaren ezaugarriak, akainen eta patogenoen zikloak mantentzen dituzten animalia basatien eta etxeko animalien presentzia, eta akain-espezieen banaketa eta urtarokotasuna.

Gai horretan sakontzeko, Aitor Cevidanes NEIKEReko Animalia Zientzien Saileko ikertzaileak Rumiland podcastaren atal batean parte hartu zuen uda aurretik. Boehringer Ingelheim Animal Health Españak sustatutako podcast horrek hausnarkari handi eta txikien osasunarekin eta ekoizpenarekin lotutako gaurkotasuneko gaiak jorratzen ditu.

Atalean, ardiei eta ahuntzei eragiten dieten akainek transmititutako agente nagusietako batzuk aztertzen dira, besteak beste, Anaplasma ovis, Anaplasma phagocytophilum, Babesia ovis, Babesia motasi eta Theileria ovis. Animalia edo artalde berean hainbat patogeno aldi berean egon daitezkeela ere azaltzen da. Infekzio horietako askok ez dute zeinu klinikorik eragiten, baina estresak, erditze inguruko aldiak edo beste parasitosi batzuk gaixotasunaren agerpena erraztu edo haren larritasuna areagotu dezakete.

Elkarrizketan, halaber, akainen jarduera-aldiak ezagutzearen, zaintza eta kontrola ustiategi bakoitzaren ezaugarrietara egokitzearen eta animalien mugimenduetan biosegurtasuna indartzearen garrantzia azpimarratzen da. Horrez gain, NEIKERek Interreg POCTEFA PYRTICK Pirinioz gaindiko proiektuan egiten duen lana aurkezten da. Proiektuaren helburua Pirinioetako lurraldean akainen jarraipen-sare bat ezartzea eta haien banaketan, ugaritasunean eta urtarokotasunean gertatzen diren aldaketak aztertzea da, lotutako arriskuen zaintza hobetzeko.

«Enfermedades transmitidas por garrapatas en pequeños rumiantes con Aitor Cevidanes» atala esteka honetan entzun dezakezu.

 

 

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *