2026ko otsailaren 20ko sarreran Euskadiko hegaztietan patogenotasun handiko hegazti-influenzaren birusaren egoera epidemiologikoari buruz hitz egin genizuen. Gaurkoan, itsas ugaztunen egoerari buruzko informazioa eman nahi dizuegu; izan ere, munduko hainbat lekutan behin baino gehiagotan detektatu da influenza birusaren infekzioa animalia hauetan. Infekzio horiek patogenotasun txikiko azpimotei lotuta egon dira nagusiki (adib. H7N7, H4N5, H4N6, H3N3, H10N7, H3N8, H1N3, H13N2 eta H13N9), baina H5N8 patogenotasun handiko azpimotarekin lotutako itsas-txakurren agerraldi bat ere dokumentatu da. Historikoki birus horrek batez ere pinipedoak kaltetu baditu ere (itsas-txakurrak eta itsas lehoiak, besteak beste), zetazeoetan ere kasu bakanak atzeman dira (baleak, orkak eta izurdeak, besteak beste), eta guztietan ere hilkortasuna eragin du, zenbaitetan masiboa.
Beste batzuetan luzeago azaldu dizuegun bezala, azken urteotan H5N1 (Clade 2.3.4.4b) patogenotasun handiko hegazti-influenzaren birusa (HPAI) azkar hedatu da, eta kaltetzen dituen espezieen kopurua eta aniztasuna handitu ditu. Gainera, eragin geografikoa ere zabaldu du; 2022az geroztik, ugaztunen heriotza handiak eragin ditu Ipar eta Hego Amerikan, eta kasu puntualagoak subantartikoko uharteetan eta kontinente antartikoan ere bai. Gertaera horietan birusaren jatorria kutsatutako hegazti basatiekin lotu bada ere, itsas ugaztunen artean infekzioak iraun eta hedatzea haien arteko kontaktu zuzenaren bidez bakarrik azal liteke. Horrek “itsas ugaztunentzat esklusiboa den H5N1 influenza birusaren azpi-klado” baten hipotesia planteatzera eraman du; azpi-klado hori ugaztunen arteko transmisioa erraztuko luketen mutazio espezifikoen finkapenak ezaugarrituko luke.
Testuinguru epidemiologiko berri horren baitan, 2024. urtean lankidetza bati ekin genion SAREUS lehorreratze-sarearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako Itsas Estazioarekin (PIE-EHU), gure kostaldean hilda, gaixorik edo ahulduta aurkitutako itsas ugaztunetan influenza birusa detektatzeko. Guztira, gaur arte 54 animalien laginak bildu dira, batez ere izurdeak. Ehun-laginak (birika, hestea eta NSZ) eta orofaringeko, sudurreko eta ondesteko hisopoak RT-qPCR bidez aztertu ziren. Serumak antigorputzak detektatzeko analizatu ziren. Aztertutako itsas ugaztunen lagin guztiak negatiboak izan dira influenzarekiko, nahiz eta itsas ugaztunak lagindu ziren leku eta garai beretan hegazti basati ugari, batez ere itsastarrak (zangak eta kaioak), kutsatuta aurkitu diren.
Emaitza horien zati bat duela gutxi argitaratu da Canadian Journal of Microbiology aldizkarian, eta honako esteka honetan kontsulta daiteke . Azterlan hau NEWFLUPREV proiektuaren barruan egin da (PID2023-149441OR-C31).
Argazkia: Jonas Von Werne/PEXELS

