NEIKERek Suitza-Brown Swiss behi-arrazaren Europako Kongresuan parte hartu du

Irailaren 22tik 25era, Suitza edo Brown Swiss behi-arrazaren Europako Kongresuak 20 herrialde baino gehiagotako abeltzainak, teknikariak eta adituak bildu zituen Gijonen, ezagutzak partekatzeko eta arrazaren inguruko azken aurrerapenak aztertzeko. Nazioarteko topaketa horretan, genetikarekin, sailkapenarekin, irizpideen harmonizazioarekin eta morfologiarekin lotutako funtsezko alderdiak eguneratu eta eztabaidatu ziren, eta, aldi berean, herrialde desberdinetako elkarte eta profesionalen arteko lankidetza sustatu zen. Suitzako mendialdeetan jatorria duen Suitza edo Brown Swiss behi-arrazak hezur-egitura sendoa, hanketako aplomo egokiak eta apatx gogorrak ditu, eta ezaugarri horiei esker, ondo moldatzen da lur malkartsuetan eta larre zailetan. Esne-ekoizpen bikaina (kalitate handiko gaztak egiteko oso estimatua den proteina-profilarekin eta kaseina-indizearekin) eta ekoizpen-bizitza luzea uztartzen ditu. Mendiko neguetako muturreko hotza zein uda beroagoetako estres termikoa jasateko duen gaitasunak klima-aldakortasunaren aurrean erresistentzia handiko arraza bihurtzen du. Irailaren 24an, ostegunean, gure saileko Marta Alonso-Hearn lankideak “Preliminary steps in genomic selection for immunocompetence in Brown Swiss cattle” izeneko hitzaldia aurkeztu zuen, autonomia-erkidegoaz gaindiko talde operatiboen GO_INMUNOGEN proiektuaren esparruan (“Esnetarako eta haragitarako behien hautespen-programetan immunokonpetentzia-markatzaileetan oinarritutako hautespen genetikoa integratzea”).

Proiektuaren helburua da markatzaile genetikoak erabiltzea frisoi, limusin eta Suitza-Brown Swiss arrazetako hazkuntza-programetan paratuberkulosiarekiko (PTB) sentikortasuna eta erresistentzia ebaluatzeko eta hobetzeko. Hitzaldian, PTBk abeltzaintza-sektorean duen garrantzia nabarmendu zen, baita esnetarako behi-aziendan gaixotasun horrekin lotutako arazoak murrizteko ikuspegi genetikoak eskaintzen dituen aukerak ere. Berrikuntza gisa, lehen emaitzak aurkeztu ziren frisoi eta Suitza-Brown Swiss arrazetako behietatik eratorritako makrofago infektatuetan aurkitutako Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (MAP) bakterioaren kargaren eta animalien genotipoaren arteko erlazioari buruz. Genotipoa Illumina Eurochip MD txiparen bidez zehaztu zen. MAPen kargan banakoen eta arrazen arteko desberdintasunak hauteman ziren, eta desberdintasun horiek, neurri batean, animalien genotipoarekin lotuta egon litezke. Emaitza horiek aukera ematen dute MAPen karga modu eraginkorragoan murrizteko gai diren animaliak identifikatzeko eta hautespen genetikoan erabakiak hartzeko. Gainera, aztertutako fenotipoa PTBri espezifikoa ez izatea posible denez, teknika horrek animalien makrofagoek MAP ez ezik, zelula barneko beste patogeno batzuk ere ezabatzeko duten gaitasuna neurtzeko potentziala izan lezake. Horrela, animalien immunokonpetentzia orokorraren adierazle gisa erabil liteke. Animaliek PTBrekiko duten erresistentzia eta immunokonpetentzia orokorra hobetuz gero, antibiotiko bidezko tratamenduen beharra murriztu, animalien bizitza produktiboa luzatu eta ekoizpen-eraginkortasuna hobetu liteke. Horrek milaka abeltzaini mesede egingo lieke, sektorearen lehiakortasuna indartuz.

Hitzaldian aurkeztutako emaitzak GO_INMUNOGEN proiektuaren barruan kokatzen dira. Proiektu horri buruz blog honetako aurreko argitalpen batean hitz egin genizuen. Autonomia-erkidegoaz gaindiko talde operatibo bat da, eta bertan hiru abeltzain-elkartek (CONAFE, FECL eta ARAPAR), ikerketa-zentro batek (NEIKER), genetika molekularreko laborategi batek (XENETICA FONTAO), albaitaritza-zentro batek (C.T.V. LA ESPINA) eta behien intseminazio-zentro batek (ABEREKIN) hartzen dute parte. Guztien helburua da abeltzaintza-sektorearen jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatzea, gaixotasunekiko erresistentzia handitzera bideratutako hobekuntza genetikoaren bidez.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *