NEIKER Basque Health Cluster (BHC), Euskadiko osasun-arloko erakundeak biltzen dituen, sarean sartu da. Osasun-erronkei giza, animalia- eta ingurumen-osasuna integratuko dituen One Health ikuspegitik ekiteko beharrari erantzuten dio atxikimendu honek. Testuinguru honetan, NEIKERek animalia, landare- eta lurzoruen osasunaren arloetan duen esperientziari esker, ikuspegi integral horretan, animalien eta ingurumenaren konpartimentuetan eman diezaioke ezagutza sareari.
NEIKER, Euskadin, animalien atala lantzen duen zentro bakarra da, abeltzaintza eta basafauna integratuz; espezializazio horrek aukera ematen du animalien dimentsioa One Health ikuspegietan txertatzeko. Ikuspegi hori, bereziki, gaixotasun zoonotikoak aztertzeko garrantzitsua da, hau da, animalietatik gizakietara zuzenean edo zeharka bektore edo/eta elikagaien bidez transmiti daitezkeenak, hala nola tuberkulosia, Lyme gaixotasuna edo salmonelosia.
Gainera, NEIKERek badu esperientziarik espezieen artean maila patologikoan antzekotasunak dituzten prozesuetan, hala nola enteritis granulomatosoak hausnarkarietan eta Crohn-en gaixotasuna gizakietan, bai eta animalietan eta pertsonetan antzera agertzen diren gaixotasun partekatuetan ere, hala nola hausnarkari eta gizakietan mastitisa.
NEIKERek eremu horietan garatutako ezagutzari esker, hainbat animalia-eredutako terapiak garatzen eta ebaluatzen, diagnostiko-teknikak garatzen eta ebaluatzen eta gaixotasun infekziosoen arriskua aztertzen lagun lezake, besteak beste.
Ikerketa horiek egiteko, NEIKERek instalazio eta ekipamendu espezifikoak ditu; berotegiak, esperimentazio-eremuak eta hainbat animalia-espezierekin saiakuntzak egiteko egokitutako nabeak. Gainera, bi eta hiru mailako bioeuste-instalazioak ditu (NCB2 eta NCB3), bertan bost laborategi, animalia handientzako lau gela eta espezie desberdinetara egoki daitekeen esperimentazioko animalia txikientzako animaliategi bat daudelarik.
NEIKER Basque Health Clusterrean integratzeak, giza osasunaren arloan dugun ikusgaitasuna handitzeko eta Osasun eta Adikzioen Sailarekin, Osakidetzako ospitaleekin, ikerketa-zentroekin eta EHU – Euskal Herriko Unibertsitateko taldeekin ditugun lankidetzak indartzeko aukera emango digu.
Gainera, industriarekin lankidetzan aritzeko aukera berriak izatea erraztuko du, baita prestakuntza-jarduerak, erakundeen arteko topaketak eta ikerketa-deialdiak egitea ere. Lankidetza-esparru berri horretan, NEIKERek giza osasunaren arloko I+Gko proposamenetan parte hartu ahal izango du, eta animalia-, giza eta ingurumen-osasunaren arteko erlazioan oinarritutako ekimenen garapena indartu.
