INNOTUB II-k Pirinioez bestaldeko animalia-tuberkulosiaren aurkako borrokan NEIKER eta ANSES-en arteko lankidetza sustatzen du

Mycobacterium tuberculosis konplexuko bakterioek eragindako animalia-tuberkulosia osasun publikoko arazo garrantzitsua da, eragin ekonomiko handia edukiz abeltzaintza-sektorean. Testuinguru honetan, Europako INNOTUB II proiektuak, Pirinioez haratagoko eskualdean gaixotasuna kontrolatzeko, zaintzeko eta desagerrarazteko helburuarekin, bazkideen arteko lankidetza estrategikoa sustatzen du, ezagutzaren trukea eta diagnostikoa, prebentzioa eta kontrola hobetuko duten tresna berritzaileen garapena bultzatzeko. Ekintza horien artean, NEIKER eta ANSES proiektuko laborategi bazkideek elkartruke zientifiko bat egin dute, maiatzean, ekainean eta uztailean egindako prestakuntza-egonaldi baten bidez. Denbora honetan, gure lankide eta doktoratu aurreko ikaslea den David Sánchez Martelek, ANSESen egonaldi bat egin du. Bertan, animalien tuberkulosiaren azterketari aplikatutako metodologia aurreratuetan sakondu du, eta, hala, bi erakundeen arteko lankidetza zientifikoa indartzen lagundu du.

“Mycobacterium tuberculosis konplexuaren isolamenduetarako, azterketa filogenetiko, filodinamikoa eta diagnosi-tresnen baliozkotzea” izenburupean, M. tuberculosis konplexuko bakterioen dibertsitate genetikoaren eta transmisio-dinamikaren ezagutzan aurrera egitea izan da helburu nagusia Pirinioez haraindiko eskualdean, bai eta diagnosi-tresna giltzarriak ebaluatzea eta harmonizatzea ere. Horretarako, hainbat hurbilketa osagarri ezarri dira. Alde batetik, bakterio horien genoma osoaren sekuentziazio-datuetan oinarritutako analisi filogenetiko eta filodinamikoak egin dira, eta, hala, etxe- zein basa-animalien espezie ostalarien artean egon daitezkeen erlazioak eta espezie horien banaketa geografikoa eta denborazkoa aztertu ahal izan dira. Ikuspegi honek, transmisio-bide posibleak identifikatzea eta gaixotasunaren patroi epidemiologikoak karakterizatzea erraztu egiten du. Bestalde, lana osatzeko genotipo-metodologia berritzaileak aplikatu dira ere, hala nola Nanopore MinION teknologian oinarritutako spoligotyping-a. Metodologia klasikoarekin konparatuta, isolatuak sailkatzeko tresna azkar gisa duen fidagarritasuna eta erabilgarritasuna ebaluatu dira, bai eta sekuentziazio osorako isolamenduen hautaketa optimizatzeko duen ahalmena ere. Era berean, proiektuan garatutako diagnostiko-teknikei dagokienez, M. tuberkulosi konplexuko bakterioen eta, oro har, mikobakterioen DNA detektatzeko hainbat PCR saiakuntzaren laborategien arteko ebaluazioa egin da. Azterketa honek NEIKER eta ANSESen emaitzen erreproduzigarritasuna alderatzeko aukera ematen du, batez ere detekzio-mugatik hurbil dauden laginetan, hala, diagnostikorako tresna horien estandarizazioa eta hobekuntza lortzen lagunduz.

Oro har, metodologia berrien bidez lortutako datuen integrazioari esker, animalia-tuberkulosiaren epidemiologiaren ulermena indartuko da Pirinioez haraindiko eskualdean. Guzti honen emaitzek, INNOTUB II proiektuaren esparruan, kontrol-estrategia eraginkorragoak diseinatzen, laborategien arteko metodologiak bateratzen eta nazioarteko lankidetza zientifikoa indartzen lagunduko dute.

MICIU/AEI /10.13039/501100011033 eta FSE+ek finantzatutako PREP2022-000469 laguntza.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *