PCR digitala behi-paratuberkulosia diagnostikatzeko

Behi-paratuberkulosia (PTB) Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (MAP) delakoak eragindako gaixotasun infekziosoa da. Basa- eta etxe-hausnarkariei eragiten die, eta arazo ekonomiko larria da abeltzaintza-industriarentzat. Gaixotasun honen egungo kontrola infektatutako animaliak ezabatzean eta ustiategietako eta biosegurtasuneko baldintza higieniko-sanitarioak hobetzean oinarritzen da. Infekzioa diagnostikatzeko gaur egun erabiltzen diren tresna diagnostikoak honako hauek dira: ELISA, MAPen aurkako antigorputzak eta denbora errealeako PCRa (qPCR), infektatutako animalien gorozkien laginetan MAPen DNA detektatzeko. Hala ere, metodo horiek oso sentsibilitate txikia dute ageriko zeinu klinikorik gabeko animaliak detektatzeko, karga bakterianoa ez delako gaixotasunaren zeinu klinikoak dituzten animalien laginetan bezain ugaria, eta gorozkien bidez MAPa kanporaketa aldizkakoa delako. Horregatik, beharrezkoa da sentsibilitate handiagoarekin MAPak hautemateko eta kuantifikatzeko gai diren teknologia berriak garatzea. DdPCR (ingelesezko siglak: droplet digital polymerase chain reaction) belaunaldi berriko PCR mota bat da, erreproduzigarritasun handiko DNA kopia kopuru txikia detektatu eta kuantifikatzeko aukera ematen duena. Teknologia horrek, lehenik eta behin, milaka mikrogotatan banatzen du jatorrizko lagina, eta, horrela, mikrogota bakoitzak diana DNA eduki dezake edo ez. Hurrengo urratsa qPCR konbentzional bat egitean datza, eta, azkenik, mikrogotak banan-banan irakurtzen dira, mikrogota bakoitza positibo edo negatibo gisa sailkatzeko gai den ddPCR irakurgailu baten bidez, DNA diana anplifikatua duen ala ez kontuan hartuta. Gainera, ddPCR teknologiak mikrogota positiboen frakzioa erabiliz, guztizko mikrogoten kopuruarekin alderatuta DNA diana kuantifikatzeko aukera ematen du. DdPCR lehenago mikobakterioek eragindako beste gaixotasun batzuk diagnostikatzeko erabili da, hala nola behi- eta giza tuberkulosia, MAPen kultibo bakteriologikoetatik ateratako DNA genomikoa kuantifikatzeko ere erabili da, helburu analitikoekin, ez ordea baldintza naturaletan infektatutako animalien odol- eta gorozki-laginetan MAP bidezko infekzioa detektatzeko. NEIKEReko Animalien Osasun Sailak, SERIDArekin eta NEIKEReko Baliabide Naturalak Kontserbatzeko sailarekin lankidetzan, ddPCR proba bat diseinatu eta ebaluatu du, infektatutako animalien gorozkien eta odolaren laginetan MAPen DNA detektatzeko eta kuantifikatzeko. Horretarako, lesiorik gabeko animalien laginetatik edo ELISAri eta qPCR fekalari gutxienez hiru urtez jarraian negatibo emandako haztegietatik ateratako DNA kontrolak erabili dira; eta kasu gisa, PTBri lotutako lesioak dituzten animalien laginak. DdPCR bidez lortutako emaitzak beste test diagnostiko batzuekin alderatu dira, hala nola ELISA, qPCR eta gorozki-laginen eta heste-ehunen laginen kultibo bakteriologikoarekin. Lagin fekalen ddPCRarekin lortutako emaitzak test diagnostiko konbentzionalekin lortutakoen antzekoak izan dira, eta lesio lausoak zituzten animaliak detektatu dira gehienbat, lesio mota larriena. Bestalde, odol-laginen ddPCRak lesio fokalak dituzten animaliak detektatu zituen (% 70eko sentsibilitatea, % 100eko espezifikotasuna), larritasun txikiagoko lesio-mota eta, oro har, infekzio subklinikoekin lotuta dagoena. Gainera, odol-laginetan ddPCR teknologiarekin lortutako emaitzak ABCA13 biomarkatzailea serumean detektatzeko berariazko ELISA batekin korrelatu dira, aurretik animalia subklinikoak eta lesio fokalak detektatzeko baliozkotutako markagailu batekin (http://blogsanidadanimal.com/eu/paratuberkulosiaren-diagnostikorako-behi-biomarkadoreen-detekzioan-oinarrituta-dauden-elisa-berriak/).Azterlan hau Frontiers in Veterinary Science-n argitaratu da eta esteka honetan (https://www.frontiersin.org/articles/10.3389/fvets.2022.944189/full) kontsulta daiteke.

Ikerketa hau Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak (MCIN/AEI/10.13039/501100011033, RTI2018-094192-R-C21 eta C-22), Eskualde Garapenerako Europako Funtsek (FEDER, Europa egiteko modu bat) eta eskualde-funtsek (PCTI 2021-2023 (GRUPIN: IDI2021-000102) finantzatu dute. María Canive, Gerard Badía Bringué eta Cristina Blanco-Vázquez MCINeko doktoratu aurreko beken onuradunak dira (MCIN/AEI/10.13039/501100011033 eta FSE Invierte en tu futuro); FPI2016-00041, PRE2019-090562, eta CPD2016-0142, hurrenez hurren.
Irudia: Mikrogotak sortzea, PCR bidezko anplifikazioa eta tantak, positibo eta negatibo gisa sailkatzea. Eskuineko irudia (Biorad), ezkerrean (Nyaruaba et al., 2019).

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *