MicroRNAek Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (MAP) espeziearekin modu naturalean infektatutako Holstein arrazako behien erantzun immunologikoa eta inflamatorioa arautzen dute

MikroRNAk (miRNAk) 18 eta 25 nukleotido arteko luzera duten RNA txikiak dira, eta proteinak kodetzeko geneen adierazpena erregulatzen dute, RNA mezulariaren (mRNA) lotura osagarri inperfekturen bidez. Lotura mota horrek gene horien adierazpena murrizten du.
miRNAk proteinei lotuta eta/edo zelulaz kanpoko besikulen barruan bidaiatzeko joera dute, eta horrek degradazioarekiko beste RNA edo proteina batzuk baino erresistenteagoak izatea eragiten du, haien presentzia plasma eta/edo serum-laginetan, sentikortasun handiz, detektatzea ahalbideratuz. Behi-ehunetan miRNAen adierazpena frogatu zuten lehen ikerketak 2007an egin ziren. Ordutik, 793 miRNA baino gehiago identifikatu dira, behien 30 kromosometan kodetuta. miRNA horiek, Bos taurus-en genoman aurreikusitako 3825 RNA ez-kodifikatzaileen %25 dira, gutxi gorabehera. Aldez aurreko ikerketek frogatu dutenez, zenbait miRNAk bereiziki adierazita daude MAPrekin esperimentalki infektaturiko Holstein arrazako behietan, infektatu gabeko animali kontrolekin alderatuz. Hala ere, ez dago MAParekin baldintza naturaletan kutsaturiko animalien daturik.

Horregatik, NEIKEReko Animalien Osasun Sailak, SERIDAko Animalien Osasun Sailarekin eta Madrilgo Parke Zientifikoko Unitate Genomikoarekin lankidetzan, RNA-Seq teknologiaren bidez MAParekin baldintza naturaletan kutsatutako eta larritasun desberdineko lesio histopatologikoak, fokalak (N=4) eta lausoak (N=5), zituzten frisiar behien odol periferikoko eta balbula ileozekalaren (IZB) laginen miRNAk sekuentziatu ziren.

Liburutegi bakoitzeko lortutako batez besteko 35,8 milioiko irakurketak, 31.92 eta 15.51 milioi irakurketa mapeatu ziren miRNA ezagunetan, gainerako irakurketak berriz, RNA luze ez kodifikatzaileei (lncRNA), transfer RNAri (tRNA), RNA nuklear txikiei (snRNA), RNA nukleolar txikiei (snoRNA), RNA ribosomikoei (rRNA) eta esleitu gabeko RNAri dagozkie. Behien miRNAen profilak konparatu ziren, lesio fokalak eta lausoen vs lesiorik gabeko behienak eta lesio fokalak vs lesio lausoak zituzten behienak alderatu ziren, konparaketa bakoitzean bereiziki adierazitako miRNAk identifikatzeko. Lesio lausoak dituzten behien odol-laginetan bereiziki adierazitako 8 miRNA identifikatu ziren kontrolekin alderatuz, horietako hiru (miR19a, miR-144, eta miR32) lesio lausoak vs fokalak dituzten behien konparaketan ere gutxiegi adierazita. IZBen laginetan, guztira, 4, 5 eta 18 miRNA identifikatu ziren, bereiziki adierazita lesio fokalak vs lesiorik gabeko behietan, lesio lausoak vs lesiorik gabekoetan eta lesio lausoak vs lesio fokalak zituztenetan. Identifikatutako miRNAetako bakar bat ere ez zen bereiziki adierazita agertu bi lagin motetan (odola eta IZB), hortaz, emaitzek miRNAen profila ehun espezifikoa dela adierazten dute. Ikerketan identifikatutako bost miRNAren adierazpen diferentziala (miRNA-19a, miR-144, miR-2425-3p, miR-139, miR-101) RT-qPCR bidez baieztatu zen esperimentalki. Hainbat algoritmo eta datu-base erabiliz, bereizita adierazitako miRNAetako bakoitzaren mRNA xedeak identifikatu ziren. Identifikatutako xede geneetatik abiatuta, miRNA horiek inplikatuta egon zitezkeen ibilbide metaboliko eta prozesu biologikoak identifikatzeko analisi funtzionala egin zen. Analisi honek agerian utzi zuen RNA polimerasaren eta MAP Kinasaren ibilbideen aberastasuna IZB laginetan, lesio fokalak vs lesiorik gabeko eta lesio lausoak vs fokalak zituzten behien konparaketan, hurrenez hurren.

Laburbilduz, emaitzek, miRNAen adierazpenaren modulazioaren bitartez, adierazpen genikoa eta MAP infekzioaren une desberdinetan ostalariaren sortzetiko zein hantura erantzuna aldatu egiten direla adierazten dute. Ikerketa honetan identifikatutako miRNAk biomarkatzaile gisa erabil daitezke metodo diagnostiko berriak garatzeko edota behien PTBa kontrolatzeko tresna terapeutikoak garatzeko. Ikerlana zehatzago kontsulta dezakezue esteka honetan.

Lan hau MARKPARA (RTA2014-00009), PARACON (RTI2018-094192) eta PARARESILIENCIA (PID2021-122197OR) proiektuen esparruan garatu da. Proiektu horiek INIAk, Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioak (AEI/10.13039/501100011033) eta Europako eskualdeetako funtsak (FEDER, “Europa egiteko modu bat”) finantzatu dituzte. Prestakuntza-aldian, Gerard Badia-Bringué Ikertzaile Gazteen Prestakuntzarako doktoratu aurreko kontratu baten onuraduna da, MCIN/AEI/10.13039/501100011033 eta “FSE Invierte en tu futuro” (PRE2019-090562) finantziatua.

miRNAk neurtutako erregulazio genikoari eta horrek gaixotasunei egiten dien ekarpenari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, dibulgazio-artikulu hau kontsulta dezakezue The Conversation-en; baita jarraian gehitutako bideoak.

Irudia:Kajsa Mollersen/Wikimedia Commons, CC BY-SA

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *