Esnetarako behi-aziendan antimikrobianoen aurkako erresistentziadun enterokokoen azterketa fenotipiko eta genomiko batek Enterococcus lactis espeziearen banaketa zabala ezagutzera eman du

Enterokokoak animalien eta gizakien hesteetako mikrobiotan agertzen diren patogeno oportunistak dira. Azken urteotan, Enterococcus faecium eta Enterococcus faecalis espezieak ospitale-inguruneetako infekzio nosokomial multierresistenteen kausa nagusien artean kokatu dira. Bankomizinarekiko erresistenteak diren E. faecium anduiek eragindako infekzioak, tratamendu eraginkorrik ia ez dutenak, bereziki kezkagarriak dira.

Esnetarako behietan ageri den antimikrobianoekiko erresistentzia hobeto ulertzeko ahaleginean, NEIKEReko Animalien Osasuna Sailean luzetarako azterlan bat egin da 16 hilabetez EAEko bost abeletxetan. Zenbait adin-taldetako animalien 535 gorotz laginetatik abiatuta, erresistentzia fenotipikoaren profilak (Gutxieneko Inhibizio Kontzentrazioa) identifikatu eta karakterizatu ziren 126 Enterococcus isolatutan. Oxford Nanopore teknologia erabiliz egindako genoma osoen sekuentziazioaren bidez, azterketa haratago joan da, isolatuen karakterizazio genotipikoan barneratuz. Horrela, baserrietan E. faecium eta E. faecalis espezieen barreiatze-dinamika aztertzeaz gain, horien profil genetikoa (pangenoma eta MLST), birulentzia-faktoreak eta ikusitako erresistentziekin lotutako determinatzaile genetikoak ezaugarritzea ere lortu da. Gainera, genoma osoen analisiak aukera eman zuen Enterococcus lactis espeziearen banaketa zabala detektatzeko, zeina E. faecium espeziearekin nahastu ohi den teknika konbentzionalek ez dutelako bi espezieen arteko diskriminazioa ahalbidetzen.

Aurkikuntza horren aurrean, ikerketa honetan denbora errealeko PCR berri bat garatu da, bi espezie horiek bereizi ahal izateko. Ikerketaren arabera, E. lactis E. faecium baino ohikoagoa da esnetarako behien artean, nahiz eta erresistentzia- eta birulentzia-gene gutxiago izan. Hala ere, E. lactis espezieak, eskuarki patogenoa ez dena eta propietate probiotikoak dituena, E. faecium-en antzeko plasmido multierresistenteak eraman ditzake, eta, beraz, beste espezie enterokoziko patogeno batzuentzako erresistentzia-geneen emaile gisa jardun lezake. Aurkikuntza horiek Enterococcus espezieak zehatz identifikatzearen garrantzia azpimarratzen dute, antimikrobianoekiko erresistentziaren barreiatzeari dagokionean E. lactis orain arte aitortu ez den papera jokatzen ari daitekeela iradokiz.

Honek guzti honek esnetarako behietan Enterococcus zaintza-praktikak berriz ebaluatzeko beharra nabarmentzen du. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatutako ikerlan honen xehetasunak (URAGAN proiektua 21-00012) eskuragarri daude duela gutxi mSpectrum-en argitaratutako artikuluan, eta esteka honen bidez eskuratu daiteke.

Argazkia:  Animali Osasun saila eta Pixabay Pexels Enrique Hoyos

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *