Antigorputzak detektatzeko probak abantaila handia erakutsi zuen ardi-tuberkulosiaren agerraldi batean infektatutako indibiduoak detektatzeko orduan tuberkulinaren probarekin alderatuta

Animalien tuberkulosia (TB) M. tuberkulosis konplexuko (CMTB) kideek eragindako gaixotasun zoonotikoa da eta ugaztun espezie askori eragiten die. M. caprae CMTBko kideetako bat da, eta lotura estua du M. bovis espeziearekin, behien tuberkulosiaren eragile kausal ohikoena dena eta CMTB konplexuko ostalari-espektro zabalena duena. Hala ere, bibliografiak adierazten duenaren arabera, M. caprae indarra eta garrantzia hartzen ari da, izan ere, ahuntzak, behiak, ardiak, txerriak, untxiak, basurdeak, oreinak, azeriak eta gizakiak kutsatuz detektatu da.

Duela gutxi, 2021ean deklaratu zen ardien TB agerraldi bati buruzko ikerketa bat argitaratu dugu, zeinak ardien (323) eta ahuntzen (29) ustiapen mistoari eragin zion. Errioxako hiltegian egindako albaitaritza-ikuskapenean, TB izan zezakeen ardi bat atzeman zuten. Susmoak laborategian baieztatu ziren, eta lehenago identifikatu gabeko CMTBren genotipo bat (espoligotipoa) isolatu zen. Genotipo hori M. caprae espoligotipo SB2737 gisa erregistratu zen. Abeltegira itzuli, eta animalia guztiei intradermotuberkulinizazio proba (IDTB) egin zitzaien (interpretazio sinple zein konparatuarekin). Proba hori urtero egiten zitzaien ahuntzei 2013tik, emaitzak beti negatiboak izanez. Aldi berean, tuberkulosi-infekzioaren aurkako antigorputzak detektatzeko lehenbiziko ELISA proba egin zitzaien ardi zein ahuntz guztiei. IDTBn, ardien % 1,2 bakarrik (n = 4) izan ziren positiboak, eta ahuntzetako bat ere ez. Nekropsia ondoren, lau ardiak infektatuta zeudela egiaztatu zen. ELISA probaren emaitzek erakutsi zuten 41 ardik ( % 13), IDTBko 3 positiboak barne, infekzioaren aurkako antigorputzak zituztela. Emaitza horiek ikusita, egun gutxiren buruan, ELISA proban positibo izan ziren ardiak sakrifikatu ziren, odola atera baitzitzaien gamma interferonaren askapenaren saiakuntza egiteko (IFN-γ), eta patologikoki zein mikrobiologikoki aztertu ziren. ELISA proban positibo eman zuten ardien % 11,4 baino ez zen positiboa izan IFN-γ, halere, infekzioa % 80an baino gehiagotan egiaztatu zen analisi mikrobiologiko eta patologikoaren bidez. Ondoren, bigarren ELISA proba bat (anamnesikoa) egin zitzaien abeltegiko animalia guztiei, ahuntzak barne. Azken hauek negatiboak izan ziren berriro, baina ardien % 36,8k infekzioaren aurkako antigorputzak erakutsi zituen egindako bi ELISA probak kontuan hartuta.

Ardien artean TBren prebalentzia handia zegoela baieztatu ondoren, osasun-hustuketa bat egin zen, eta abeltegian geratzen ziren animalia guztiak sakrifikatuak izan ziren, ardiak eta ahuntzak barne. Ahuntz guztiak sakon aztertu ziren eta guztiak negatiboak izan ziren beste behin. Oraingoan, proba immunologikoetan emaitza negatiboak zituzten ardi kopuru bat ere aztertu zen, eta horien % 29,2 kutsatuta zeudela ikusi zen. Azken prebalentzia orokorra % 37,5ekoa izan zen ardiak soilik kontuan izanik. Antigorputzen ELISA in vivo detekzio-metodorik sentikorrena izan zen ( % 81,4) eta nabarmen gainditu zituen IGTBa ( % 0,09) eta IFN-γ saiakuntza ( % 0,13). Gainera, espezifikotasun handia erakutsi zuen ( % 85,0) analisi patologikoak eta mikrobiologikoak zehaztutako azken infekzio-estatusari dagokionez.

Infekzioa M. caprae-ren espoligotipo berri batek eragin zuela baieztatu bazen ere, patogenesi mota bereziren bat egotz dakiokeena, agerraldi hori aurreko txostenei gehitu behar zaie. Txosten horien arabera, ardien TB infekzioaren gordailu garrantzitsua izan daiteke, proba intradermikoen sentsibilitate txikiagatik edo ikerketarik ezagatik alde batera utzi izan dena. Horregatik guztiagatik, oso gomendagarria da antigorputzen proben (ELISA) erabilera zabaltzea tuberkulosia kontrolatzeko programetan, gaixotasuna mantendu eta iraunaraz dezaketen infekzio ezkutuak detektatu ahal izateko.

Azterlan honen harira sarbide libreko artikulu bat argitaratu da, eta osorik kontsulta daiteke esteka honetan.

Argazkia: Lutz Peter de Pixabay Pexels 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *