Behi trikomonosi eta kanpilobakteriosi genitala

Behi-aziendan ematen diren transmisio sexualeko gaixotasun bi dira. Lehena Tritrichomonas fetus (Tf) parasito protozoo batek eragindakoa den bitartean, bigarrena Campylobacter fetus subsp. venerealis (Cfv) bakteriak eragindakoa da. Bi gaixotasunak ugal-arazo goiztiar eta iragankorrak garatzen dituzte. Berauek, susalketa naturala eman ohi den sistema estentsiboko ustiaketetan dira nagusi, esne-behietako ustiaketetan, berriz, intseminazio artifizialak hauen deuseztapena eta ahaztura suposatu zuen. SALUVET (Madrilgo Albaitari Fakultatea) lanei esker, guztion ahotan jarri da berriro bi gaixotasun hauen garrantzia mendi zein larre sistemako haragi-behietan. Infekzio bi hauen kokapen nagusia zezenen prepuzio-barrunbea da eta transmisioa kopulazioaren bidez zuzenekoa da infektaturiko animaliatik osasuntsura. Infektaturiko taldeetan, ugalkortasunaren jetsiera, ume-izate arteko deboraldiaren luzapena eta ondorioz urtean jaiotako txekor kopuruaren jetsiera beha daiteke. Bi gaixotasunak asintomatikoak dira hazitarako zezenean. Emeetan ume-galtzea gertatu ohi da lehen hiru-hilabetean bai eta baginitis, zerbizitis eta/edo neurrizko endometritis-a, nahiz ez izan ohikoa.
Kutsatutako behiek infekzioa deuseztu ohi dute nahiz eta portzentai bat eramaile gisa gera daitekeen. Partekatutako hazitarako zezena, herri-larreen erabilera eta erositako animali berrien diagnostiko analisi gabezi moduko maneiu ohitura zehatzek, transmisioa erraztu eta kontrola oztopatzen dute. Oraintsu, zenbait herri-menditara igotzen diren hazitarako zezenei kontrolak egitean hasiak dira Euskal Herrian eta Tf-z infektaturiko zenbait animalia aurkitu dira. Behi trikomonosi kasuan azpimarratzekoa da ez dagoela tratamendu eraginkorrik, ez eta Estatu espainiarrean erregistratutako txertorik. Bi gaixotasun benereo eta beste batzuren (IBR, BVD, neosporosia eta paratuberkulosia) kontrola burutzeko asmotan, Foru Aldundiak, NEIKERreko Animalia Osasuneko Departamenduak eta sektoreko beste zenbaitzu, eraginkorrak izan daitezkeen neurriak ezartzeko asmotan, eredua izan daitekeen Osasun egitasmo bat osatzeko lanean dihardute. Sektorearen eskuetan diagnostiko metodo klasikoak (kultura) eta teknika berriak (PCR delakoa), ezartzeaz gain, goraldian dauden gaixotasun hauek oinarritzat hartuz, NEIKERreko Animalia Osasun Departamenduak formakuntzara bideratutako aktibitate desberdinak burutu ditu.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *