Behien paratuberkulosia (PTB) enteritis granulomatoso kroniko bat da, Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (MAP) bakterioak eragindakoa, eta galera ekonomiko handiak sortzen ditu abeltzaintzako ekoizpenean; gainera, giza hanturazko gaixotasunekin duen loturagatik, osasun publikori inplikazio posibleak planteatzen dizkio. PTBren bilakaera heterogeneoa da: animalia askok lesio fokalak eta multifokalak garatzen dituzte eta fase subklinikoetan irauten dute beraien ia bizi-ekoizpen osoan zehar; beste batzuek, berriz, lesio difuso larriak eta zeinu klinikoak adin goiztiarragoetan garatzen dituzte. Animalia jakin batzuei infekzioa kontrolatzea ahalbidetzen dieten mekanismoak ulertzea funtsezkoa da gaixotasunaren kontrol-estrategiak hobetzeko.
NEIKERen egindako aurretiazko ikerketek erakutsi zuten lesio multifokalak zituzten behi frisonetan keratinizazio-bideari eragiten dioten aldaera genetiko kopurua esanguratsua dela. Azterlan honetan, granulometako zitoekeratinaren (CK) adierazpenaren eta makrofago epitelioideen (ME) banaketaren arteko lotura ikertu da, MAPek eragindako infekzioaren kontrolarekin eta fenotipo erresiliente batekin duten harremanarekin. Horretarako, CK adierazten duten zelulen kopurua eta banaketa-eredua aztertu dira bi ehun motatan (jeiuno distaleko granulomak —DJE— eta jeiuno distaleko gongoil linfatikoak—DJELN—), MAPekin modu naturalean infektatutako behietan. Azterlanak 4 kontrol-animalia ez-infektatu eta 24 animalia infektatu barne hartu zituen, histologikoki honako talde hauetan sailkatuak: fokala, multifokala, difuso intermediarioa eta difuso multibazilarra. Immunohistokimika bikoitzeko teknika baten bidez (D-IHC), hiru zelula-populazio identifikatu ziren: Iba1 positiboak ziren makrofagoak, CK positiboak baina makrofagoak ez ziren zelulak (zelula erretikularrekin bateragarriak), eta bitan positiboak ziren makrofago epiteloideak (Iba1/CK).
Emaitzek adierazi zuten lesio multifokalak zituzten animaliek Iba1/CK positiboak ziren makrofago epitelioideen kopurua esanguratsuki handiagoa zutela DJELNeko granulometan, talde fokal, difuso eta kontrolarekin alderatuta; era berean, CK positibo sinpleak ziren zelulen kopurua handiagoa ere aurkitu zen bi ehun motetan (DJELN eta DJE). Hala ere, ez zen talde arteko alde esanguratsurik hauteman makrofagoen kopuru totalari dagokionez. Nahiz eta nabarmen gutxiagoak, DJEko laginetan antzeko joerak aztertu ziren, eta horrek ziurrenik islatzen ditu heste-ehunaren eta gongoil linfatikoen arteko desberdintasun funtzionalak. MEak granulometan zuten banaketaren arabera, bi patroi desberdin identifikatu ziren. Lehenengo patroia, lesio multifokalak zituzten animalietan nagusi izan zena, MEen antolaketa ordenatuagatik bereizi zen, granulomaren inguruan hesi moduko bat osatzen zuena. Patroi hori MAPen karga bakteriano txikiarekin eta zeinu kliniko ezarekin lotu zen. Bigarren patroiean, batez ere lesio difusoak zituzten animalietan behatutakoa, granuloman MEen banaketa sakabanatua zen, eta karga bakteriano handiekin eta gaixotasun klinikoarekin lotu zen. Emaitza hauek adierazten dute MEen kopurua ez ezik, haien kokapena eta antolaketa espaziala ere funtsezkoak direla infekzioaren kontrolerako. Lesio multifokalak zituzten animalietan behatutako makrofago epitelioideen hesi-antzeko antolaketak patogenoaren hedapena mugatu, ehun-kaltea murriztu eta gaixotasunaren fase klinikoetara igarotzea moteldu lezake. Patroi honek beste infekzio mikobakteriano batzuetako forma pauzibazilarrak gogorarazten ditu, hala nola lepra tuberkuloidea, non ondo antolatutako granulomak bakterio-kontrol hobearekin lotzen diren.
Ondorioz, datuek iradokitzen dute CKren adierazpena eta MEen banaketa, PTBren kontrako erresilientzia-biomarkatzaile potentzialtzat har daitezkeela, nahiz eta aurkikuntza horiek etorkizuneko ikerketetan balioztatu beharko diren, kohorte zabalagoak erabiliz. Emaitza hauek granulomaren arkitekturaren eta ostalariaren faktore genetikoen garrantzia indartzen dute behi-paratuberkulosiaren bilakaeran.
Ikerketa hau Alejandra Navarro León-en doktorego-tesiaren parte da, eta Asturiasko Printzerriko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Garapenerako Eskualde Zerbitzuko (SERIDA) Animalia Osasun Sailan egin da, Casais doktorearen zuzendaritzapean. Era berean, NEIKERreko Animalia Osasun Sailarekin lankidetzan garatu da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak (AEI/10.13039/501100011033) eta SEKUENS Agentziak (PCTI 2024–2026, REF IDE/2024/000764) finantzatutako PARARESILIENCIA (PID2021-122197OR) proiektu koordinatuaren esparruan, FEDER funtsen kofinantzaketarekin. Esteka.
Irudia. PTB duten eta lesio multifokalak (ezkerrean) zein difusoak (eskuinean) dituzten behien jeiuno distalean egindako CK eta Iba1 markatzaileen immunohistokimika bikoitzaren emaitzen irudi adierazgarriak. Gezi gorriek bi aldiz tindatutako zelulen adibideak adierazten dituzte (urdin iluna edo beltza); gezi horiek soilik Iba1 positiboak diren zelulak adierazten dituzte (marroi kolorea); gezi arrosak CK positiboak diren zelulen adibideak erakusten dituzte (urdin bizia); eta gezi berdeek nukleo anitzeko zelula erraldoiak adierazten dituzte. Lesio multifokalak dituzten animalietan (ezkerrean), CKren adierazpenak MEak granulomaren inguruan kokatzen diren eredu bat erakusten du; aldiz, lesio difusoak dituzten animalietan (eskuinean), eredu desberdin bat ikusten da, non MEak granuloma osoan zehar banatuta dauden.

