Zein kaparrek ziztatzen dituzte pertsonak Euskadin eta zer patogeno aurkitzen ditugu haietan?

Kaparrak artropodo txikiak dira eta gaixotasun askoren bektore gisa joka dezakete. Euskadin etxabere eta animali basatiak parasitatzen dituzten kaparrak ondo aztertu badira ere, orain arte oso gutxi genekien zuzenean pertsonak ziztatzen dituztenei buruz. 

Gure sailak berriki argitaratu duen ikerketa batean, lehen aldiz identifikatu ditugu zein kapar espezie diren Euskadiko ospitale eta osasun zentroetan kentzen  dituztenak bertan artatutako pertsonei, eta zer bakteria patogeno potentzial daramaten. 2019tik 2024ra bitartean, pazienteetatik kendutako 181 kapar jaso ziren Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko hainbat zentrotan. Gehienak Ixodes ricinus espeziekoak ziren (88,5%), Borrelia burgdorferi bakterioaren bektore nagusitzat hartzen dena; bakterio horrek Lyme gaixotasuna eragiten du. Beste espezie batzuk ere identifikatu genituen, hala nola Rhipicephalus bursa, Haemaphysalis punctata, Dermacentor reticulatus eta D. marginatus. 

Teknika molekularrak erabiliz (PCR, RLB eta ADNaren sekuentziazioa), bakteria zoonotikoen presentzia hauteman genuen laginen %15,9tan. Ohikoenak Borrelia generoko bakterioak ziren (%6,4) eta Rickettsia generokoak (%5,1). 

Lan honetan hainbat bakteria zoonotiko identifikatu dira: Borrelia afzelii, B. garinii, B. miyamotoi, B. valaisiana, Rickettsia monacensis eta “Candidatus Rickettsia rioja”, besteak beste. Era berean, Anaplasma phagocytophilum bakterioaren ADNaren presentzia ere atzeman dugu aztertutako kaparren %2,5etan. Hala ere, gogorarazi behar da patogenoen ADNaren detekzioak ez duela zertan esan nahi patogeno hori pertsonari transmititu denik. Gainera, ikerketa honetan ez zen ezagutzen kaparren jatorri geografikoa, eta posible da batzuk Euskaditik kanpo harrapatu izana. Hala ere, aurkikuntza hauek garrantzitsuak dira osasun publikoarentzat, izan ere, kasu horiek Osakidetzako sarean artatuko lirateke. 

Lan hau NEIKER eta Osakidetzaren arteko lankidetzari esker izan da posible, 2019an hasi zena, Donostiako Unibertsitate Ospitaletik kaparrak noizean behin bidaltzen hasi zirenean. Geroago Basurtuko Ospitalea gehitu zen, eta horri esker bilketaren eremu geografikoa zabaldu zen. Hasieran ekimen puntual gisa sortu zena, egonkortu egin da denborarekin, eta azken urtean osasun zentro eta ospitale ugaritatik modu erregularrean jasotzen ditugu laginak. Gizakien eta animalien osasunaren arteko lankidetza honek One Health ikuspegiaren adibide argia da, eta dagoeneko existitzen diren estrategiak osatzen dituen zaintza-sistema pasibo bat ezartzea ahalbidetu du. 

Ildo beretik, NEIKERetik parte hartzen dugu beste ekimen batzuetan ere, hala nola PYRTICK proiektu europarrean, kaparren banaketari buruzko ezagutza eguneratzeko eta klima-aldaketaren testuinguruan Pirinioetako ingurunean sor daitezkeen arriskuak aurreikusteko helburua duena. 

Artikulu osoa esteka honetan kontsulta daiteke:  

 Argazkia: NEIKEReko Animalia Osasun Saila (Nieves Gómezen eskaintza).

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *