Azkenaldian, ikusmin handia dago “omiken” inguruan, eta genomika, transkriptomika, proteomika eta abar bezalako terminoak sortu dira, Biologia Molekularraren ingurunetik at jarraitzeko zailak direnak. Sarrera honetan termino horiek argitzen saiatuko gara eta hurrengo sarreretan, omiken zenbait aplikazio azalduko ditugu, bai eta Animalien Osasuna sailean metodologia horiek integratzen dituzten proiektuak ere.
Ómico atzizkia ingelesetik datorren neologismoa da, eta zerbaiten osotasun edo multzoaren ikasketari erreferentzia egiten dio. Gaur egun, omikak organismo baten funtzionamenduan parte hartzen duten molekula kopuru handia aztertzeko aukera ematen duten zientzia bezala definitzen dira.
Hauek dira omika nagusiak:
– genomika: organismo baten genoma osoaren azterketa, hau da, organismo batean dauden gene guztien azterketa. Genetikak aldiz, geneen banakako azterketa egiten du.
– proteomika: organismo edo sistema batek sortzen edo aldatzen duen proteina-multzo osoaren eskala handiko azterketa. Proteinen egitura eta funtzioa aztertzen dira, bai eta proteinen arteko elkarreragina ere.
– transkriptomika: zelulan transkribatutako RNA multzoen karakterizazio eta kuantifikazioaren azterketa. Ez ahaztu informazioa duen DNAren eta funtzioa beteko duen proteinaren arteko osagai molekularra dela RNA.
– metabolomika: prozesu zelularren funtzionamenduaren ondorioz sortzen diren metabolitoen (molekula txikiak) profilaren azterketa. Metabolitoak lagin biologikoetan aurki daitezke.
– metagenomika: lagin bateko organismo guztietatik (eskuarki mikroorganismoetatik) isolatutako eta analizatutako nukleotido sekuentzia guztien egitura eta funtzioaren azterketa.
– epigenomika: zelula baten gertatutako aldaketa epigenetikoen azterketa. Epigenoma deritzo DNAri lotu eta honen funtzioa aldatzeko gai diren konposatu kimiko eta proteinen multzoari. Lotura horiei “markaketa” deritze, eta ez dute DNAren sekuentzia aldatzen; aitzitik, zenbait ekintza zuzentzen dituzte, hala nola geneen aktibazioa edo desaktibazioa, eta zelula jakin batzuetan proteinen ekoizpena kontrolatzea. Batzuetan, “marka” horiek zelula batetik bestera pasa daitezke zelula zatiketetan eta belaunaldien bidez ere transmiti daitezke.
Urteetan zehar omikak garatu eta adarkatu izanaren arrazoiak honakoak dira:
– une berean parametro asko eskala handian aztertzeko aukera eman duen tresneriaren garapen teknologikoa.
– bioinformatikari aplikatutako konputazio-zientzien aurrerapena; horrek baimendu baitu sortutako datu-kopuru izugarria aztertu eta errazago interpretatzea.
– sortutako datuak interpretatzen lan egin duten biologo, kimikari, mediku, albaitari, farmazialari, bioinformatikari eta bioestatistikariek osatutako diziplina anitzeko taldeak eratu izana.
Horrela, izaki bizidunen funtzionamendua, fisiologia eta ingurunearekiko, zein horiek osatzen dituzten ekosistemekiko, elkarreragina hobeto ulertu ahal izan dira. Garrantzitsua da omikek izan duten eragina gaixotasun batzuen kausen ulermenean, gaixotasun horien prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua hobetzea ahalbidetuz.