Europa hegoaldeko sai arreetan oso patogenoa den hegazti-influenzaren (H5N1) agerraldi baten diziplina anitzeko jarraipena

2021. urteaz geroztik, patogenotasun handiko H5N1 azpimotako hegazti-influenzaren birusa (2.3.4.4.b kladoa) mundu osoko hegazti-populazioei eragiten ari zaie. Birus hau etxeko hegazti zein hegazti basatietan eragin suntsitzaileak izaten ari da mundu mailan. Panzootia honek paradigma aldaketa bat adierazi du hainbat arrazoiengatik, hala nola, infekzioen urtarokotasuna, kaltetutako hegazti-espezieen zerrenda eta basa-ugaztun zein etxe-ugaztunetara egindako transmisioak (bereziki, Estatu Batuetako behi-aziendara). Hegazti basatien artean, espezie taldekoiek, batez ere kolonietan habia egiten dutenek, zaurgarritasun handiagoa erakutsi dute. Saiak oso patogenoa zen hegazti-influenzaren birusekiko nahiko erresistenteak zirela uste zen, haien dieta sarraskijalea eta patogenoei aurre egiteko egokitzapen fisiologikoak direla eta. Hala ere, 2022ko udaberrian Europa hegoaldean H5N1 AP birusaren agerraldi bat dokumentatu zen sai arreetan (Gyps fulvus), hilkortasun moderatua eta ugalketa-arrakastaren murrizketa nabarmena eragin zituena.

Nazioarteko lankidetzak eta datu birologiko, serologiko, filogenetiko eta ekologikoen integrazioak erakutsi zuten birus-zirkulazio labur baina bizia zegoela putreen populazioen artean, eta beste hegazti basati batzuen infekzio amankomunaren iturri izan zitekeela. Gainera, Espainia eta Frantziako hedapen geografiko azkarra eta zabala dokumentatu zen, putreek distantzia handiko populazioen artean egindako mugimendu ugariek erraztua.

Putretan gertatutako agerraldiaren ikuspegi integratzaile horrek informazio berria ematen du basa-hegaztien eskala handiko mugimenduek influenza birusaren eta beste patogeno batzuen hedapenean duten eraginari buruz. Gainera, espezie sarraskijaleetan H5N1 APren dinamika epidemiologikoa ulertzea funtsezkoa da, hegazti horiek funtsezko zeregina baitute ekosistemaren osasunean, eta influenza azpimota horrekiko duten sentikortasunak agerian uzten ditu gaur egungo agerraldien balizko ondorio ekologiko zabalagoak.

Lan hau duela gutxi argitaratu da Emerging Infectious Diseases-en, eta esteka honetan kontsulta daiteke.

Lan honi dagokionean NEIKERen egindako analisiak, Estatuko Ikerketa Agentziak eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatu dituzte (MCIN/AEI/10.13039/501100011033. INFLUOMA proiektua. PID2020-114060RR-C31) eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik (VIGIA2224 proiektua. Erref: 22.00003).

 

Zientzia-argitalpenaren aipua:

Hirschinger J, Höfle U, Sánchez-Cano A, Guinat C, Croville G, Barral M, Donázar JA, Le Gall Ladevèze C, Walch M, Alvarez V, Gerrikagoitia X, Du Plessis L, Dellicour S, Arrondo E, Sánchez-Zapata JA, Cortés-Avizanda A, Minayo Martín S, Tornos J, Perret S, Boulinier T, Orabi P, Van De Wiele A, Guerin JL, Duriez O, Le Loc’h G. Multidisciplinary Tracking of Highly Pathogenic Avian Influenza A(H5N1) Outbreak in Griffon Vultures, Southern Europe, 2022. Emerg Infect Dis. (2025);31(8):1589-1599. doi: 10.3201/eid3108.241456.

Argazkia: Pexels

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *