Giza populazioko osasun krisialdi nagusienetako batzu, gaixotasun zoonotikoei esker gertatzen dira. Batzuetan, gaixotasun hauen eragile patogenoen gordailuak, basa-espezieak dira. Gainera, jadanik, abereetatik erauzita zeuden baina basa-gordailuetan mantendu diren zoonosi batzuren susperraldien berri eman da. Guzti honexegatik, gizakiengan gaixotasun arriskua mugatzeko, basa-animalietan zainketa programen ezarpena ezin bestekotzat jotzen da.
2000. urtean NEIKER-en sortu zen lan norabide hau jarraituz, “Basa-espezieen osasun zainketa programa EAE-n” proiektua garatzen ari gara, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak finantziatuta eta Marta Barral Doktoreak zuzendurikoa. Proiektu honen helburu nagusia, Animalia Osasun, zein Osasun Publikoan eragina duten patologien prebalentzia eta barreiadura aztertzean legoke.
Basa-animalien inguruko gestioa daramaten entitate publiko zein pribatuekin elkarlana ezin bestekotzat jotzen da honelako programa bat aurrera eramateko, hala nola, Diputazio desberdinekin, ehiztari-elkarteekin, fauna basatia sendatzeko zentroekin eta fauna honen ikerketarekin erlazioa duten elkarte zein enpresekin, besteak beste. Entitate hauek direla eta, basa-espezien hilotzak jasotzea errazten da hauen osasun azterketa aurrera eraman ahal izateko, zinegetika-espezien azterketa burutu ahal izateko berriz, ehiztariek lorturiko ehizakinak ere gaineratuz.
Ohiko azterketetan, espezien arabehera, begiratzen diren gaixotasunak hauexek dira: tuberkulosia, bruzelosia, hegazti-gripea, Mendebaldeko Niloaren birosia, mihi-urdina, entzefalopatia espongiformea, hidatidosia, mukieria, hazteria, afrikar txerri-izurria, txerri-izurri klasikoa, txerri-xixku gaitza eta Aujeszky gaixotasuna. Hauetaz gain, noizean behin; Q sukarra, leptospirosia, salmonelosia, yersiniosia, toxoplasmosia, paratuberkulosia edo E-hepatitisa, besteak beste, ere aztertzen dira.
EITB-ko SUSTRAIA programan, proiektu honi buruzko xehetasunak eta zinegetika-espezien laginen hartze gida eman dira aditzera duela ez hainbeste.
Erreportaia ikus dezakezue nahi izanez gero: