Esne-behi aziendaren lehorraldiko terapia antibiotikoa: esnean duen eragina eta zergatik den garrantzitsua

Errape-mina edo behi-mastitisa mundu osoko esne-ekoizpenean agertzen diren gaixotasunik ohikoenetako eta kostu handieneko bat da. Behien osasunean eta ongizatean, bai eta esnearen kalitatean ere, eragin garrantzitsuak ditu. Lehorraldia, behiak esne-ekoizpena eteten duen tartea, hurrengo erditze aurretik guruin mamarioaren ehuna berriztatu dadin, une bereziki kritikoa da. Fase horretan, guruin mamarioa bakterio berriak sartzeko zaurgarriagoa da, eta horiek infekzio berriak eragin ditzakete.

Tradizionalki, arazo horiek prebenitzeko, antibiotiko-tratamenduak modu sistematikoan aplikatzen zitzaizkien behi guztiei esnealdiaren amaieran; praktika horri lehorraldiko antibiotiko-terapia orokortua (ingelesez, blanket dry cow therapy) deritzo. Helburua bikoitza zen: batetik, egon zitezkeen infekzio subklinikoak desagerraraztea eta, bestetik, hurrengo esnealdian mastitis kasu berriak agertzea saihestea. Hala ere, bakterio erresistenteen hedapena geldiarazteko neurri gisa, animalietan antimikrobianoen erabilera profilaktiko erregularra debekatuta dago Europar Batasunean, 2019/6 (EB) Erregelamendua indarrean sartu zenetik. Ordutik aurrera, tratamenduak modu selektiboan aplikatu behar dira, hau da, infekziorako arrisku handiagoa duten behiei bakarrik, eta beti albaitariaren gainbegiradapean.

Hala ere, antibiotikoekiko erresistentziaren inguruko kezka globalaren testuinguruan, eta erabilera zuhurtasunez egiten hasi bada ere, oraindik ere galdera garrantzitsu bat sortzen da: zein eragin izan ditzakete lehorraldian emandako tratamendu antimikrobianoek esnean? Esnean mikroorganismoen komunitate anitz eta konplexu bat bizi da (mikrobiota), eta, oro har, animaliarentzat onuragarriak diren funtzioak betetzen ditu. Horregatik, interesgarria da jakitea ea lehorraldi selektiboan erabilitako antibiotikoek esnearen mikrobiotan eraginik izan dezaketen, eta, hala balitz, ea eragin horrek ondoriorik duen animalien osasunerako edo elikagaien segurtasunerako.

Galdera horri erantzuteko, NEIKER-eko Animalia Osasun Sailean, MILKBIOTA proiektuaren barruan, azterketa bat egin da lehorraldiko tratamendu antimikrobianoek behi-esnearen mikrobiotan eta/edo erresistoman (antibiotikoen eragina gainditzeko gaitasuna ematen dieten gene guztien multzoa) duten eragina ebaluatzeko.

Ikerketan, lehorraldian antibiotikoz tratatutako behiak eta tratamendurik jaso ez zuten behiak alderatu ziren. Ez zen alde esanguratsurik ikusi bi taldeen artean ez mikrobiotaren osaeran, ez aniztasunean; hala ere, lehorraldian antibiotikoa jaso zuten behiek probabilitate handiagoa zuten esnean erresistentzia-geneak izateko, eta, gainera, maila handiagoetan, tratatu gabe zeuden behiekin alderatuta. Erresistentzia-gene gehiago egoteak ez du zertan berehalako arrisku zuzena esan nahi, baina bai adierazten duela elementu horiek errapearen mikroingurunean mantendu daitezkeela. Errapean bizi diren bakterioen artean (komentsalak, oportunistak zein patogenoak) erresistentzia-gene horien eskurapena eta trukatzea erraztea, erresistentzien hedapena sustatzeko mekanismo bat izan liteke. Hori garrantzitsua da animalien osasunaren ikuspegitik, izan ere, etorkizuneko mastitis kasuetan tratatzeko zailagoak diren bakterio patogeno erresistenteen hautapena eragin lezake. Elikagaien segurtasunaren ikuspegitik, ez da arrisku zuzenik ikusten, gizakion kontsumorako esnea tratatzeko prozesuek bakterio patogenoak ezabatzen baitituzte; hala ere, azpimarratzen du komenigarria dela elikagai-kate osoan zehar presio antimikrobianoa kontrolatu eta murriztea. Emaitza hauek berriz ere indartzen dute antibiotikoen erabilera arduratsua sustatzen jarraitzearen garrantzia, eta, aldi berean, animalien osasuna hobetzen lagunduko duten prebentzio-, diagnostiko- eta kudeaketa-estrategietan aurrera egitearena; horrela, antibiotikoak erabiltzeko beharra ahalik eta gehien murriztu ahal izango da.

Ikerketak, era berean, agerian utzi zituen behi-esneko erresistoma karakterizatzeak dakartzan erronka metodologikoak. Esnea karga mikrobiar baxua duen lagina da, eta ostalariaren (behiaren) ADN kantitate handia du; horrek zaildu egiten du analisia. Horrez gain, erabilitako sekuentziazio-teknologiak eta tresna bioinformatikoek modu esanguratsuan baldintzatu ditzakete lortutako emaitzak. Muga horiek gainditzea funtsezkoa da esnearen mikrobiota eta erresistoma hobeto ulertzen jarraitzeko.

Lan hau honako hauek finantzatu dute: MICIU/AEI/10.13039/501100011033  (PID2019-106038RR-100 proiektua), PRE2020-096275 doktorego-aurreko kontratua, eta baita Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ere. Emaitza zehatzak duela gutxi Frontiers in Microbiomes aldizkarian argitaratu den artikulu batean kontsulta daitezke.

Argazkia: Pexels Cottonbro Studio

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *