Mpox-a baztanga simikoaren birusak (MPXV) eragindako gaixotasun zoonotikoa da, gizakiengan sintoma larriak eragin ditzakeena. Animalia basatietatik gizakietara transmititu ohi da Afrikako mendebaldean eta erdialdean. Kutsatze horietako batzuek mundu mailako agerraldi handiak eragin dituzte berriki, gizakien arteko transmisioaren bidez mantendu direnak.
2023 . urtearen hasieran, Helmholtz Institute for One Health-eko (HIOH) landa-ikerketa taldeak, gure lankide Ane López tartean zela, mpox agerraldi bat dokumentatu zuen ongi aztertua zegoen mangabei grisen (Cercocebus atys) talde batean, Taï Parke Nazionalean, Boli Kostan. Taldearen heren batek, gutxi gorabehera, gaixotasunaren zantzu klinikoak zituen, eta lau kume hil ziren.
Birus-genomaren sekuentziazioaren emaitzek erakutsi zuen infektatutako tximuetan detektatutako birusa, 12 aste lehenago taldearen kokalekutik gertu hilik aurkitu zuten oin-gorridun urtxintxa marradun (Funisciurus pyrropus) batean identifikatutako MPXVaren andui ia berdina zela. Aztertutako mangabeietako baten gorozki-lagin batean DNA (birusarena zein urtxintxarena) detektatu zen agerraldia hasi baino zortzi aste lehenago, eta horrek espezieen arteko transmisioaren ebidentzia sendoa eman zuen. Hala, ikerketa honek oin-gorridun urtxintxa marraduna identifikatu du MPXV birusaren gordailu natural posible gisa, eta naturan espezieen arteko MPXVaren transmisioa dokumentatzen duen lehena bihurtu da. HIOHko ikerketa taldeak gidatutako ikerketa honen emaitzak Nature aldizkari ospetsuan argitaratu dira.
Ane ikerketa horren egileetako bat da, NEIKERen doktoretza aurreko kontratu batekin hasi aurretik Taï Chimpanzee Project-en egin zuen lana dela eta. Gaur egun, doktore-tesian gaixotasun zoonotikoak ikertzen jarraitzen du, Marta Barral eta Jose Luis Lavín doktoreen gidaritzapean. NEIKERen Anez oso harro gaude, eta haren ikerketa-prestakuntzan laguntzen jarraituko dugu, bai eta ikertzaile gazteen karrera zientifikoaren garapena bultzatzen ere.
Ikerketa honi buruzko informazio gehigarria kontsulta daiteke prentsa-oharrean zein jatorrizko argitalpenean. Gainera, birusarekin lan egiteko moduari eta mpox-en laborategiko ikerketa nahiz ikerketa epidemiologikoak egiteko moduari buruzko informazio gehiago FAOren eskuliburuan aurki daiteke.
Argazkia: Taï Chimpanzee Project/Ane López-Morales
