Tigre eltxoaren (Aedes albopictus) zaintza Euskal Autonomia Erkidegoan: Emaitzak eta 2018ko helburuak

2012. urtean, Euskal Herriko Iparraldean kokatzen den Bidart-eko zerbitzu gunean, tigre eltxoaren presentzia antzeman zen. Ondorioz, 2013. urtetik, NEIKER-eko Animalia Osasun Sailak, Vigilancia Entomológica deritzon proiektuan parte hartzen du, zeina, Espainiako Gobernuko Osasun Publiko, Kalitate eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko Alerten eta Osasun – Larrialdien Koordinazio Zentroak zuzendua den. Proiektu honen helburuak, Aedes albobictus-en hedapena detektatzea eta beste eltxo inbaditzaile batzuen sarrera posiblea zaintzea dira, besteak beste.
Baina, zergatik da horren garrantzitsua A. albopictus-en zaintza egitea? Asiako hego ekialdeko basoetan jatorria duen eltxo honek, hiri-ingurunera moldatzeaz gain, Denge, Chikungunya eta Zika bezalako hainbat gaixotasun tropikalen bektore izateko duen gaitasuna ere erakutsi duelako. Esaterako, iaz, Frantzia eta Italian izan zituzten Denge eta Chikungunya kasu autoktonoen erantzulea izan zen.
Euskal Autonomia Erkidegoan, tigre eltxoaren zaintza 2013. urtean hasi zen, Gipuzkoa eta Arabako 4 guneetan ovitranpak jarriz (tigre eltxoaren detekziorako erabiltzen diren tranpak). Emaitza guztiak negatiboak izan ziren arren, hurrengo urtean, Irun-Behobian A. albopictus-en arrautzak antzeman ziren lehendabizikoz. Honen eraginez, urtetik-urtera Erkidegoan egiten ziren laginketa kopuruak eta baita zaintza lanak handitu egin direnez, lan guzti hauetan aritu den taldea Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Sailak, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Laguardiako Udalek eta NEIKER-eko Animalia Osasun Sailak osatu dute. Zaintza beti egin da trafiko handiko guneetan. Izan ere, Europan izan duen hedapena, alde batetik, salerosgaien garraioarekin erlazionatu da eta bestetik, zera ikusi da, ibilgailuen barruan sartuta, eltxo helduek kilometro asko egiteko gaitasuna dutela.
Gure inguruan tigre eltxoaren presentzia dagoen aztertzeko erabiltzen den zeharkako metodo bat, Osakidetzan jasotzen diren intsektuek eragindako ziztaden monitorizazioa da. Oraingoz, ez da Erkidegoko ESI (Erakunde Sanitario Integratua) baten ere ez ziztaden gehikuntza adierazgarririk antzeman.
Egun, 2013. urtean NEIKER laginketekin hasi zenetik, 16 udalerri lagindu dira, eta hauetatik 3tan, 1 Gipuzkoan eta 2 Bizkaian (lehenengoz 2017an), tigre eltxoaren arrautzak aurkitu dira. 2018rako xedeak hurrengo hauek dira: emaitza positiboak izan dituzten udalerrietan tigre eltxoaren hedapenik egon den egiaztatu, portzentaje altuagoak dituzten ESI – etan kokaturik dauden puntuetako zaintza handitu eta hiri nagusietan egiten den zaintza mantendu. Laginketa ahalegina gune zehatz batzuetara mugatuko da, alegia, jarduera industrial eta komertzial handia, trafiko ugaria eta salerosgaien garraioa dutenetara. Horretarako, aurreko urteetan bezalaxe, laginketak uztailean hasi eta azaroan bukatuko dira. 2018ari dagozkien emaitzak, kanpaina amaitutakoan kontatuko dizkizuegu.

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun Saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *