Proiektu baten esparruan, Europan dabiltzan Coxiella burnetiiren anduiak karakterizatuko ditugu

Q sukarra Coxiella burnetii bakterioak eragindako gaixotasun zoonotiko garrantzitsua da. Gizakien zeinu klinikoak gripearen antzeko sintometatik, infekzio iraunkor eta hilgarri izan daitezkeenetara iragan daitezke. Hausnarkariak, eta bereziki ardiak eta ahuntzak, giza infekzioen iturri nagusiak dira, nahiz eta C. burnetiik beste animalia asko, animalia basatiak barne, kutsa ditzakeen. Hausnarkarietan, C. burnetiik kume botatzeak, hildako kumeen erditzea eta kume ahulen erditzeak eragin ditzake, batez ere hausnarkari txikietan. Baina animaliak ernari ez badaude, infekzioa modu asintomatikoan gertatzen da. Beraz, ostalarien abanikoa eta infekzioaren ondorioak aldakorrak dira, eta ez dago argi C. burnetiiren genotipoak aldagarri horietan duen eragina.
Coxiella burnetii genotipatzeko gaur egun erabiltzen diren metodo nagusiek informazio mugatua ematen dute, eta laborategien artean estandarizatzea zaila da. Genoma osoaren sekuentziazioak (WGS, whole genome sequencing) epidemiologia molekularra eta patogeno zoonotiko askoren zaintza goitik behera aldatu ditu, informazio genetiko osoa ematen baitu eta erraz estandarizatzen baita. Hala ere, hein handi batean bakterioa landa-laginetatik isolatzeko zailtasunak direla eta, orain arte C. burnetiiren andui gutxi batzuk sekuentziatu dira.
NEIKEReko Animalien Osasun Sailak proiektu baten parte hartzen du. ERA-NETek, “Animalia infekziosoen gaixotasunei buruzko nazioarteko ikerketa-koordinazioak” (ICRAD, Coordination of Research on Infectious Animal Diseases), proiektua finantzatzen du. Europako 6 herrialdetako 7 erakundek parte hartzen dute proiektuan. Partzuergoak C. burnetiiren zaintza eta genomikan duen esperientzia zabalari esker, ostalari-mota askoren (abere, basa-fauna eta gizaki) C. burnetiiren lagin positiboak bildu ahal izango dira. Gaur egun erabiltzen diren isolamendu metodoak hobetzeko, proiektuan zehar metodo berriak erabiliko dira. Proiektuan zehar isolatutako anduien genomak eta taldekideek eskuratu dituzten anduiak, sekuentziatu egingo dira (WGS). Honela, C. burnetiiren genoma datu-base integrala sortuko da eta bertan, landako eta in vitro saiakuntza zelularretatik lortutako datu fenotipikoak izango ditu. WGSren datuak aztertzeko, ostalari motari lotutako determinatzaile molekularrak eta C. burnetiiren birulentzia identifikatzeko ikuspegi bioinformatiko berriak erabiliko dira. Azkenik, C. burnetiiren etorkizuneko zaintza molekularrerako gomendioak egingo dira.
Maiatzaren 31n, Edinburgon proiektu hau abian jartzeko bilera egin zen. Proiektua hurrengo hiru urteetan egingo da eta Europan dabiltzan C. burnetiiren anduiak maila molekularrean karakterizatzeko aukera emango du. Horrez gain, EAEko hausnarkarien kume-botatze arrazoiei buruzko, Q sukarra barne, datu eguneratuak lortzeko aukera izango dugu. Proiektuaren kontura finantzatuta, NEIKERek hausnarkarien (behi, ardi eta ahuntz aziendatan) kume-botatzeen diagnostiko protokolo osoa egiteko aukera ematen du. Hemendik, albaitari kliniko guztiak adi egotera animatzen ditugu eta laginak bidaltzeko NEIKEReko Animalien Osasun Sailarekin harremanetan jar daitezen (ICRAD proiektu_EUS), gurekin elkarlanean ustiategien osasun-estatusa hobetzen laguntzeko eta Q sukarra bezalako infekzio zoonotikoak ahalik eta gehien mugatzeko.

 

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *