Paranfistomosia, kontutan izan beharreko eta susperraldian dagoen parasitosia

Paranfistomosia etxeko zein hausnarkari basatietan bizi diren trematodo espezie desberdinek eragindako parasitosia da, hausnarkari hauek parasitoen behin-betiko ostalariak direlarik. Parasito hauen ziklo-biologikoa zeharkakoa da, bertan ur gezetako barraskilo espezie desberdinek (Galba (Lymnaea) truncatula) bitarteko ostalari gisa parte hartzen dutelarik. Hau dela eta, parasitosi honen presentzia artzaintzarekin zuzenean erlazionaturik dago, etxe hausnarkariek trematodoen metazerkariez infektaturiko landa gune desberdinetara sarbidea duten momentutik.
Parasito hauen gazte-formaren infekzio masiboek, beherako hemorragiko kuadro agerraldiak eragin ditzakete, kasu askotan animaliaren heriotza sortaraziz. Parasito helduek berriz, errumenean dute heuren bizilekua, zantzu kliniko arinak edo lausoak eraginez; errumen atonia, tinpanismoa eta produkzioaren jetsiera.
Azken urteetan, Europa mendebaldean eginiko ikerketa epidemiologikoek, behi aziendan Calicophoron daubneyi espezieak eragindako parasitosian gorakada egon dela adierazten dute. Bide batez, Fasciola hepatica-k eragindakoan beherakada ikusi da. Iberiar penintsulan ematen den gora-beherari dagokionez, ikerlan gehienak galiziar lurraldekoak dira, abel paranfistomosiaren prebalentzia %18,8-ra iristen delarik hiltegietako lanetan. Duela gutxi, Mendi Abeltzaintzako Institutuko (CSIC- Leongo Unibertsitatea) gure lankidea eta adiskidea den Miguel Fuertesek, Leon eskualdeko hainbat abelburu laginetan, C. daubneyi-ren %6,20 prebalentziaren datuak eman ditu aditzera.
EAE-n ez dugu hiltegi mailako intzidentziaren daturik, halere, NEIKERreko Animalia Osasuneko diagnostiko laborategira iristen diren hainbat abel-gorotzetan, paranfistomidoen prebalentzia altua dakusagu. Azken hiru urteotan, 2013-2015 jasotako gorotz laginen datuak azterturik, ustiaketen %20-ak eta animalien %17-ak trematodo hauetaz parasitaturik daudela eman digute aditzera.
Paranfistomosia, hausnarkariei eragiten dien efektu kliniko-patologikoak ikusirik, hemen egiten den maneiu erdi-estentsiboak lagunduta eta Europan (EAE-n ere ziurrenik) egon den prebalentziaren gorakadarekin, susperraldian eta kontutan izan beharreko parasitosia dela esan genezake.

Argazkia: Parasito helduak errumenean (5-13 mm x 2-5 mm).

Argazkiaren egilea: NEIKER- Osasun Saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *