Oritzeko immunitate-zelulak uste baino garrantzitsuagoak izan daitezke

Oritza sortzeko prozesua erditu baino zenbait aste lehenago hasten da eta oso garrantzitsua da, oritza izango baita jaioberriak jasoko duen lehen elikagaia. Oritzean immunoglobulinak (antigorputzak), hazkuntza-faktoreak, immunitate-zelulak (batez ere leukozitoak), bitaminak, koipeak, entzimak (batzuk jarduera antimikrobianoa dute), hormonak eta oligoelementuak daude. Osagai hauetako gehienen kontzentrazioa erditu ondorengo lehen egunetan handiagoa izaten da eta murriztuz joaten da hurrengo jezteak igaro ahala.

Osagai immunologikoei dagokienez, oritzak, antigorputzak ez ezik, leukozito kopuru handia ere badu, jaioberria babesten lagun dezakeena. Oritzaren antigorputzek infekzioetatik babesteko duten eginkizuna ongi dokumentatua izan da eta oritzaren kalitatea parametro horrekin lotuta dago hain zuzen. Izan ere, immunitate-transferentzia pasiboaren arrakasta antigorputzei soilik esleitu zaie, eta, halaber, oritza hartu eta 24-48 ordura, txahalen gazurean dagoen antigorputz mailaren arabera definitu da. Azken finean, tradizionalki antigorputzak izan dira hausnarkarien immunitate-transferentziaren erantzule, arreta gutxiago eskaini zaiolarik oritzaren osagai zelularrek immunitatean izan dezaketen eraginari.

Hainbat lanetan frogatu da ama-oritzean leukozito bideragarriak daudela eta zelula horiek jaioberrien heste-horman zehar migratu dezaketela, oritza hartu eta 24 ordura odol-fluxura sartuz. Ikertzaile batzuen arabera, transferitutako zelula horiek berezko babes-papera izan dezakete edo jaioberrian erantzun immunologikoa modulatu edota estimulatu. Izan ere, txertatuak izan diren amen oritzarekin elikatutako txahalek in vitro erantzun proliferatiboak erakutsi dituzte txerto-antigenoen aurrean, txahalek txertorik hartu gabe. Bestalde, ikusi da tratatu gabeko oritz naturala jasotzen duten txahalek leukozito-heltze bizkorragoa dutela zelulak kendu zaizkion oritz naturala jasotzen duten txahalek baino. Datu horiek guztiek adierazten dute oritz bidez transferitutako leukozitoek zeregin garrantzitsua izan dezaketela jaioberriaren estatus immunologikoan.

Animalien Osasun Saila antigorputzen zein zelulen immunitate-transferentzia pasiboa aztertzen ari da zenbait proiekturen esparruan (URAGAN: Uso Racional de Antibióticos en Ganadería, MILKBIOTA: PID2019-106038RR-I00, MCIN/ AEI/10.13039/501100011033-k finantziatua). Proiektu hauen helburua oritzeko leukozitoek hausnarkari jaioberrien immunitatean duten papera zein den argitzen saiatzea da. Espero da lortutako emaitzak baliagarriak izatea esnetarako behi-azienda oritzeko moduari buruzko erabakiak hartzeko.

Argazkia: Pexels. Cottonbro studio

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *