NEIKERren (2014 – 2018) jasotako behien ume – galtze kasuen aurretiazko berrikuspena

Behien ume – galtzeak, mundu osoko esne eta haragi ustiategietan galera ekonomiko altuak sortzen ditu. Etiologia oso desberdina izan daiteke, hala ere, diagnostiko – laborategietan gehien ikertzen diren kausak infekzioek eragindakoak dira. Genetikarekin erlazionaturiko aldaketek, toxiko ezberdinek edo estresarekin lotutako fenomenoek ere ernaldiaren galera eragin dezakete. Aldiz, kausa hauen azterketa ohikoa ez denez, estimatzen dena baino gehiagotan gertatzen da. Asko dira behi aziendetan ume – galtzea eragin dezaketen agente infekziosoak eta hauetariko asko mundu osoan banatuta daude. Hauetatik guztietatik agente parasitarioak (Neospora caninum, Trichomonas foetus), infekzio birikoak (BVDV, BHV-1, Schmallenberg…), bakterioak (Trueperella pyogenes, Leptospira spp., Coxiella burnetii…) eta onddoak (Aspergillus spp.) nabarmendu daitezke. Hauetako agente bakteriano batzuk (Brucella spp., Leptospira spp., Coxiella burnetii) gizakiak infektatzeko gaitasuna ere dutenez (zoonosia), osasun publikoan arazoak sortu ditzakete. Bruzelosiaren kasuan, Euskal Autonomi Erkidegoak, 2013.urtetik bruzelosi gabeko estatus ofiziala dauka.
Bildutako datuak 2014 – 2018 urteak bitartean, NEIKERen jasotako behien ume – galtzeen kasuei (n=151) dagokie. Jasotako lagin hauek, fetu, plazenta, baginako jariakin, eta seruma eta abortatua izan den emearen odola eta arriskuan dauden beste animalienak dira. Kasuak 3 maila desberdinetan sailkatu ziren, “berretsiak” (isolamendu bakterianoa edo ADN/ARN detekzioa eta lesio histologiko bereizgarriak), “bateragarriak” (lesio bereizgarrien presentziarik antzematen ez zenean) eta “diagnostiko gabekoak”. Azpimarratzekoa da Neospora caninumen garrantzia. Egun, abortuak eragiten dituen lehendabiziko kausa den arren, duela urte batzuetako ehunekoetatik urrun dago. Gertaera hau seroposositiboak diren animaliak hiltzearen ondorioz izan daiteke. BVD birusak eragindako infekzioak abortu kasuen bigarren zergatia izaten jarraitzen du, ustiategietan biosegurtasun akatsak daudela adieraziz. Agente bakterianoen artean, behiei egokituta ez dauden Leptospirek eragindako abortuen zenbait kasu baieztatuak izan dira, zehazki, Pomona serobarietateari moldatutako suidoetan (basurdeak), Trueperella pyogenesen eraginez, behi ustiategien inguruetan ohikoa den espeziea, eta Salmonella spp-ren eraginez. “Bateragarriak” bezala sailkatuak izan diren kasuen artean, azpimarratzekoa da lesio histopatologikorik gabeko Coxiella burnetiik eragindako infekzioak, eta baita IBR (BHV-1) birusaren susmoa ere, berrespen etiologikorik gabeko fetu baten giltzurrunean, bateragarriak diren lesioak aurkitu zirelako. Funtsean, diagnostiko bat lortzeko asmoarekin, beharrezkoa da behi ustiategietan abortu kasuen gaineko zaintza mantentzea. Horretarako, lagin egokiak bidaltzea gomendatzen da (fetu, karena, seruma eta odola) laborategi espezializatuetara. Zergatiak identifikatzen baldin badira, kontrol neurri eraginkorrak ezartzea errazagoa izango da.

Argazkiaren egilea: L.A. Madruga

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *