Euskal Herriko Unibertsitatean defendatutako paratuberkulosiaren aurkako txertaketari buruzko Tesi Berria

Pasaden irailaren 22an, Iraia Ladero Auñon gure lankideak bere doktorego-tesia defendatu zuen, “Vaccine immunomodulation and protection mechanisms against Mycobacterium avium subspecies paratuberculosis: focus on innate responses” izenburupean. Tesi honen zuzendariak NEIKEReko Animalia Osasun Saileko Natalia Elguezabal ikertzailea eta CIC bioGUNEko Juan Anguita ikertzailea izan dira. Defentsa EHU-ko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Gradu Aretoan egin zen.

Tesi hau INIA RTA 2017-00089-00-00 proiektuaren esparruan egin da, doktoregaiak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko ikertzaile-kontratua izan duelarik. Lan hau aurrera eraman den lau urteetan Iraia NEIKEReko mikobakterioen ikertzaile-taldeko kide izan da. Iraiaren tesi-lanean hiru zientzia-artikulu argitaratu dira, azken urteotan, blog honetan, hauen berri eman izan dugularik. Gainera, neutrofiloekin teknika funtzionalei buruzko liburu-kapitulu bat idazten parte hartu du, metodologia hori izan baita bere lanaren oinarria. Leongo Unibertsitatearekin eta CIC bioGUNErekin izandako lankidetzari esker, beste bi argitalpenen egilekidea ere bada; ahuntzetan paratuberkulosiaren aurkako txertaketaren erantzunaren ingurukoa eta gibeleko minbizian neutrofiloek duten paperari buruzkoa. Azkenik, nabarmendu behar da prestakuntza-aldi honetan zehar Iraiak Erresuma Batuko Royal Veterinary Collegen egonaldi bat egin duela, eta honen bidez European Molecular Biology Organization (EMBO short-term fellowship) eta Federation of European Microbiological Societies (FEMS Research and training grant) erakundeen bekak jaso dituela.


Iraiak lanaren defentsa ona egin eta Bikain cum laude kalifikazioa jaso zuen. NEIKEReko Animalia Osasun Sailak zorte handia opa dizu ikertzaile gisa datorkizun etorkizunean.

Argazkia: NEIKER-Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *