Pirinioz gaindiko bultzada animalien tuberkulosiaren aurrean: INNOTUB IIk aurrerapenak berrikusi eta jarduketa berriak zehaztu ditu Bartzelonako bileran

Animalien tuberkulosiak (TB) eragin handia du abeltzaintzaren sektorean, produktibitatea murrizten duelako eta merkataritza mugatzen duelako, eta, gainera, osasun publikorako arriskua ere bada, zoonosia delako. Behi-tuberkulosia kontrolatzeko urteetako ahaleginen ondoren, Andorrak, Frantziak eta Espainiako hainbat eskualdek infekziorik gabeko eremuen aitortza lortu dute. Hala ere, oraindik badira gaixotasuna presente dagoen guneak, eta Pirinioen bi aldeetan agerraldiak detektatzen jarraitzen dira. Horrek zalantzan jartzen ditu osasun-programen erabilgarritasuna, proba diagnostikoen fidagarritasuna eta infekzioaren gordailu diren etxabereek eta fauna basatiak infekzioari eusten dioten bitartean gaixotasuna benetan desagerrarazteko aukera. Proiektu honen helburua da mugaz gaindiko I+G+b sare multidiziplinarra den INNOTUB sendotu eta handitzea, inplikatutako eragileen artean ahaleginak koordinatzeko eta sinergiak sortzeko asmoz. Xedea da animalien tuberkulosiari buruzko ezagutza handitzea eta arazo horri aurre egiten lagunduko duten tresna berritzaileak garatzea, arreta berezia Pirinioz gaindiko eskualdean jarrita. INNOTUB II proiektuak etxaldeen biosegurtasuna optimizatzea du ardatz, infekzioa sartzeko arriskuak karakterizatzea (salerosketa, desagerrarazi gabe jarraitzen duten infekzioak, eta etxabereen eta fauna basatiaren arteko kontaktua) eta zirkulazioan dauden Mycobacterium tuberculosis konplexuko genotipoak identifikatzea, infekzioaren iraupena eta transmisioa prebenitzeko. Bestalde, animalien tuberkulosiaren kontrola hobetzeko, txerto berriak eta tresna diagnostiko eraginkorragoak garatzea ere planteatzen da.

Otsailaren 26an eta 27an Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) campusean egin zen bileran, animalien tuberkulosiaren alderdi horiek aztertu zituzten proiektuko bazkideek: Pirinioen alde honetako NEIKER, IRTA-CReSA eta UAB erakundeek, eta Frantziako aldeko ANSESek eta Tolosako Albaitaritza Eskola Nazionalak. Lehen egunean, proiektuaren ekintza desberdinei buruzko aurkezpenen bidez, arlo bakoitzean egindako aurrerapenak partekatu ziren. Prebentzioari, zaintzari eta arriskuen analisiari buruzko ekintzaren aurkezpenetan, abeltzain eta albaitariekin egindako inkesten eta komunikazioen emaitzak nabarmendu ziren, baita arrisku-faktoreak ebaluatzeko tresnaren garapena eta biosegurtasun-neurri egokien aplikazioa ere. Transmisioari eta Filodinamikari buruzko Ekintzan aurkeztutako informaziorik esanguratsuena andui hautatu eta adierazgarri batzuen karakterizazio filogenetikoa izan zen. Karakterizazio hori genoma osoaren sekuentziazioaren bidez egin zen, agerraldien jatorri posibleak argitzen lagun dezaketen homologiak eta anduien, ostalarien eta beste faktore batzuen arteko lotura epidemiologikoak aztertzeko. Azken ekintzan, TBren diagnostikoa hobetzea eta txerto berriak garatzea lantzen da, eta arreta nagusia hainbat PCRren balidazio-prozesuan lortutako emaitza onetan eta haien merkaturatze-potentzialean jarri zen, baita txerto-prototipo desberdinek eragindako erantzun immunologikoa aztertzeko hainbat esperimenturen emaitzetan ere. Bileraren bigarren egunean, mahai-inguru saio intentsiboak egin ziren, aurreko egunean aurkeztutako emaitzak aztertu, eztabaidatu eta ondorio bateratuak ateratzeko, baita hurrengo urratsak planifikatzeko ere.

INNOTUB II proiektua (EFA115/01) %65ean kofinantzatzen du Europar Batasunak, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg VI-A Programaren bidez (POCTEFA 2021-2027). POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugaz gaindiko eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea. Informazio gehiago lortzeko, sartu INNOTUB Sarearen webgune ofizialean esteka honetan: www.innotub.eu

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *