Animali-Osasunaren Munduko Erakundeak (OMSA) ekimen diplomatiko berri bat jarri du abian, Enbaxadoreen Elkarrizketa Saila izenekoa, animali-osasunarekiko nazioarteko konpromiso politikoa indartzeko eta agenda globalen barruan lehentasun estrategiko gisa finkatzeko. Parisen egindako Inaugurazio-saioan, 2026ko otsailaren 11n, animali-osasuna gai teknikotzat hartzeari utzi eta erabaki politiko eta finantzarioetan leku estrategikoa izateko beharra azpimarratu zen. Azaleratzen ari diren gaixotasunen agerpenak, antimikrobianoen aurkako erresistentziaren areagotzeak eta aldaketa globalaren eragin gero eta handiagoak, egungo arriskuak birdefinitzen ari dira. Horrek animali-osasuna, maila guztietako erabaki politiko eta finantzarioetan sartzea eskatzen du.
Parte-hartzaileak bat etorri ziren erabakitze-prozesuetan animali-osasunak, bai nazio mailan, zein nazioartean duen presentzia indartzeko premian; izan ere, Albaitaritza Zerbitzu sendoetan, zaintza-sistema eraginkorretan eta prebentzio-neurrietan inbertitzea, osasun-krisien arriskua murrizteko modurik eraginkorrenetako eta errentagarrienetako bat da. Animali-osasun sendo batek oztopo gisa jarduten du azaleratzen ari diren gaixotasunen eta antimikrobianoekiko erresistentziaren aurrean eta inpaktu ekonomiko eta sozial handiak prebenitzen ditu. Prebentzioko finantziazio eskasak herrialdeek etorkizuneko osasun-larrialdien aurrean duten ahultasuna areagotu egiten du. Prebentziozko ikuspegia, beraz, epidemia-agerraldiei eta sortzen ari diren gaixotasunei lotutako giza kostuak, kostu ekonomikoak eta sozialak murrizteko aukera ematen duen inbertsio estrategiko gisa identifikatzen da. Animalien osasuna babestea giza osasuna, merkataritza, ingurumena eta egonkortasun sozioekonomikoa babestea delako. Horrela, 2026–2031rako estrategian, OMSAk osasuna munduko ondasun publiko gisa kokatzeko helburua planteatzen du, “Osasun bakar bat” (One Health) ikuspegiarekin.
NEIKERen sektorearekin batera lan egiten dugu animalien osasun egoera hobetzeko, zoonosietan arreta berezia jarriz. Diagnostiko-zerbitzu bat eskaintzeaz gain, patogeno zoonotiko nagusien eta antimikrobianoekiko erresistentzien zainketa epidemiologikoko programak egiten ditugu, bai eta animalia-osasuneko eta osasun publikoko intereseko bektoreen zaintza entomologikoko programak ere. Halaber, animalien immunitate-sistema eta hautespen genetikoa sustatzen ditugu, infekzioak prebenitzeko bide gisa.
