Vienan egin zen International Veterinary Immunology Symposium (IVIS) topaketaren 14. edizioa, 2025eko abuztuaren 11tik 14ra, eta 50 herrialdetik gorako 300 adituk baino gehiagok hartu zuten parte. IVIS hiru urtean behin egiten den topaketa zientifiko bat da, immunologoei zuzendua, animalien osasunari buruzko ikerketa berritzaileak partekatzeko helburuarekin, sistema immunologikoaren zeregina ardatz hartuta. Sinposioan aurkezpenak eta tailerrak egiten dira, besteak beste, honako gai hauek jorratuz: txertoen garapena, ostalariaren eta patogenoaren arteko elkarreraginak, gaixotasun zoonotikoak eta zenbait animalia-espezieren gaixotasunak kontrolatzeko estrategiak. Ekitaldi hori funtsezko plataforma da lankidetzarako eta ideien hartu-emanerako, albaitaritza-immunologia arloan aurrera egiteko eta osasun globalaren erronkei Osasun Bakar Baten (One Health) ikuspegitik ekiteko.
Edizio honetan NEIKEReko Animalien Osasun sailetik parte hartu dugu gure azken aurrerapausuak partekatuz. Sortzetiko immunitate saioan, Maitane Mugicak eta Natalia Elguezabalek ahozko komunikazio batekin eta poster batekin parte hartu zuten, Maitaneren doktore tesia osatuko duten hainbat ikerketen emaitzak aurkeztuz. Txerto mikobakteriano inaktibatu baten bidez immunizatzeak txahalen neutrofiloen jardueran dituen eragin positiboak aurkeztu ziren, immunizazio hori zenbait patogeno ezberdinek eragindako infekzioei aurre egiteko onuragarria izan daitekeela erakutsiz. Bestalde, neutrofiloek behien paratuberkulosian duten zereginean sakontzeko, eferozitosia in vitro aztertzeko eta metodo bat aurkeztu zen. Azkenik, ehunen immunologia espezifikoko saioan, Maitanek hiltegiko animaliengandik datorren behien heste-ehunaren hazkuntzan oinarritutako eredu baten garapena aurkeztu zuen, animalien esperimentazioa erabili beharrik gabe, hausnarkarien heste-infekzioak tratatu edo prebenitzera bideratutako terapiak aztertu ahal izateko (Royal Veterinary Collegerekin elkarlanean egindako lana). Aipatzekoa da Batzorde Zientifikoak Maitaneri bidaia beka bat eman diola ekitaldi honetara joan ahal izateko, bere lanak sortu duen interesagatik.
-Maitane Mugica, Elena Molina, Maddi Oyanguren, Ainara Badiola, Joseba Garrido, Natalia Elguezabal-“The role of neutrophils in vaccination against paratuberculosis: evidence of activation and trained immunity”. (Ahozko komunikazioa)
-Maitane Mugica, Ms Elena Molina, Gwendal Vidal, Ainara Badiola, Rakel Arrazuria, Natalia Elguezabal-“The role of neutrophils in paratuberculosis: a focus on efferocytosis”. (Posterra)
-Maitane Mugica, Samruddhi Deosthali, Natalie Werling, Peter Olinga, Natalia Elguezabal, Dirk Werling-“Bovine precision cut intestinal slices as a model to assess early events between intestinal tissue and Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis”. (Posterra)
Azkenik, sortzetiko immunitate saioan, Leongo Unibertsitateko ikertzaileek NEIKEReko Animalien Osasuna Departamentuarekin elkarlanean egindako lan bat aurkeztu zuten, ahuntzen makrofagoek paratuberkulosiaren aurkako txertaketari erantzuteko modulazioari buruzkoa.
-Noive Arteche-Villasol, Aroa Suárez-Vega, Miguel Criado, Natalia Elguezabal, Miguel Fernández, Pedro Mendívil, Julio Benavides, Daniel Gutiérrez-Expósito-“Modulation of monocyte-derived macrophage immune response following paratuberculosis vaccination in goats”, lan honetan kolaboratzen dugularik. (Posterra)
Hurrengo IVISa Montrealen egingo da 2028an. Datozen urteetan berrikuntza immunologikoen garapenean aurrera egitea espero dugu, sinposio honetan berriz ere parte hartzeko aukera izateko eta gure emaitzak bertaratutako komunitate zientifikoari zabaltzeko.
Argazkia: NEIKEReko Animalia Osasun saila
PARAINVAX Proiektua: “” (PID2021-125807OB C21, MCIN/AEI/10.13039/501100011033 y Fondo Europeo Agrícola de Desarrollo Rural, FEADER). Maitane Mugica Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko doktoretza-aurreko kontratu baten onuraduna da.