Joan den otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatu zen. Nazio Batuen Erakundeak 2015ean aldarrikatu zuen data hau, emakumeek eta neskek STEM arloetan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) sarbide osoa eta bidezkoa izan dezaten, eta haien parte-hartze erabatekoa sustatzeko. Era berean, oroigarri bat da emakumeek komunitate zientifiko eta teknologikoetan funtsezko eginkizuna dutela, eta haien parte-hartzea modu iraunkorrean indartu behar dela mundu mailan. Emakumeek aurrerapen zientifikoan egin duten ekarpena eztabaidaezina da, nahiz eta historikoki gutxi ikusarazi den. Horregatik, egun hau aukera bikaina da gizartearen aurrerapenean, animalien osasunaren gisako diziplinetan ere, ekarpen handia egiten duten ikertzaile askoren lana aitortzeko, eta neska gazteenen artean bokazio zientifikoak sustatzen jarraitzeko, estereotipoak eraistea bultzatuz eta erreferente erreal eta hurbilak gerturatuz.
NEIKERetik aukera-berdintasunarekiko konpromisoa berresten dugu, eta neska zein gazte gehiagok zientzia egiten irudikatu (eta euren burua horretan ikusi) ahal izan dezaten inguruneak eraikitzen jarraituko dugu. Batzuetan, konpromiso horrek gaur egungo eztabaidetan arreta jartzea ere esan nahi du, adibidez, Adimen Artifizialaren neutraltasun faltari buruzkoan, zientzia eta teknologia arduratsuago eta inklusiboagoak sustatzeko.
Izan ere, kontua ez da soilik presente egotea: funtsezkoa da, halaber, emakumeen lidergoa ikerketan bultzatzea eta bermatzea, erabakiak hartzeko prozesuetan, proiektuen koordinazioan eta erantzukizun zientifikoko postuetan parte-hartzea erraztuz, bai eta I+G+Bko antolaketa-erantzukizunetan ere. NEIKERen, Animalien Osasunean lan egiten duen langileen %70 baino gehiago emakumeak gara, departamentuko burua berriki izendatua, Natalia Elguezabal, barne. Konpromiso hori dibulgazioan ere islatzen da, blog hau sortu eta sendotu baita taldeko emakumeen bultzadari, lidergoari eta koordinazioari esker.
Irudia: Adimen Artifiziala – ChatGPT
