Pertsonen, animalien eta ingurumenaren osasuna estuki elkarlotuta daude. Horixe da One Health edo Osasun Bakarra kontzeptuaren oinarria. Osasunaren Mundu Erakundeak honela definitzen du kontzeptu hori: diziplinen arteko lankidetzaren bidez osasun globala modu jasangarrian optimizatzea helburu duen ikuspegi integratzailea. Ikuspegi horrek gero eta garrantzi handiagoa du zenbait erronken aurrean, hala nola gaixotasun zoonotikoena eta antimikrobianoekiko erresistentziarena; izan ere, zenbait faktorek (klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera edo ekoizpen-sistemen aldaketak) gaixotasun berrien agerpena eta hedapena bultza dezaketela onartzen du. NEIKERen badaramatzagu urte batzuk ikuspegi hau aplikatzen, osasun globalean inplikatutako esparruak integratzen dituzten irtenbide zientifikoak aurkitu ahal izateko.
NEIKEReko Animalien Osasun Sailean, azken urteotan, gure jardueraren zati bat zoonosiak (tuberkulosia, Q sukarra edota hegazti gripea) eta elikagaiek transmititzen dituzten patogeno nagusiak (Salmonella, Listeria, Campylobacter eta E. coli) aztertzera bideratu dugu. Horrez gain, antimikrobianoekiko erresistentziari buruzko lehentasunezko ildo bat dago, hori baita, hain zuzen, osasun-mehatxu nagusietako bat maila globalean. Gure proiektuek ikerketa epidemiologikoak, diagnostiko-tekniken garapena eta hobekuntza eta prebentzio-estrategien ebaluazioa konbinatzen dituzte, hala nola, txertoen eta immunoestimulatzaileen garapena edota berriro ikulluratzeko animalien hautespen genetikoa. Hori guztia gaixotasunak prebenitzeko, botiken erabilera murrizteko eta baserriko animalien erresilientzian laguntzeko helburuarekin.
One Health ikuspegia aplikatzeko, sektoreen arteko lankidetza estua behar da. NEIKERen ekoizpen-sektoreko, osasun publikoko eta ingurumeneko profesionalekin lan egiten dugu, azken hau, basa-faunak gaixotasunen gordailu gisa duen paperean zentratzen da batez ere. Izan ere, sarritan, basa-fauna, mugitzeko duen askatasuna dela eta, gordailu ezin hobea da gaixotasun zoonotikoak eta abeltzaintzari soilik eragiten dioten beste gaixotasun batzuk barreiatzeko.
Bestalde, aldaketa globala bektoreen (eltxoen eta akainen) banaketa-ereduak aldatzen ari da, gaixotasun emergenteen hedapena erraztuz. Honi natur baliabideen gaineko presioa gehitzen zaio, zeinak basafauna eta abereak habitatak partekatzera behartzen dituen, patogenoak transmititzeko arriskua areagotuz. Testuinguru horretan, zaintza epidemiologikoa eta aurre hartzeko gaitasuna funtsezkoak dira. Infekzio-foku berriak azkar detektatuz gero, azkar erreakziona daiteke, hedapena mugatu eta inpaktua murriztu.
One Health ikuspegiak osasun-mehatxu konplexuei modu koordinatuan erantzuteko, prebentzioa bultzatzeko eta antibiotikoen erabilera arduratsua sustatzeko aukera ematen du. Horretarako, ezinbestekoa da giza osasuneko eta animalia osasuneko laborategi-sareak indartzea eta eragile ezberdinek biltzen dituzten eta azterketa bateratua behar duten datuen trukea. Horrela, etorkizuneko erronkei aurre egiteko hobeto prestatuta egongo gara.