Duela ez hainbeste urtera arte, abeltzaintza-ustiategietako osasuna sektoreko barne-arazotzat hartzen zen. Gaur egun, osasun publikoan duen eragin zuzena aitortzen da.
Animaliek, mikroorganismo zoonotikoen (gizakiak eta animaliak partekatzen ditugunak) gordailu gisa jardun dezakete eta mikroorganismo horietako batzuk elikagaien bidez transmititzen dira. Horregatik, abeletxea elikagaien segurtasunaren funtsezko zati bat da; baserritik mahaira hedatzen den elikatze-kate baten lehen kate-maila da, eta, beraz, abeltzaintzako etxalde osasuntsu bat izatea elikagai seguruak ekoizteko oinarria da. Abeletxeetan mikroorganismo patogenoak (elikaduraren bidez transmititzen direnak barne) gutxiago egoteak murriztu egiten du mikroorganismo horiek elikadura-katera iristeko aukera.
Elikagai-zoonosiak animaliengan duen eragina murrizteko, hiru jarduera-ildo ezarri behar dira: prebentzioa, detekzio goiztiarra eta tratamendu egokia. Prebentzioa da ardatz garrantzitsuena, eta bi bide nagusitatik arre eman dakioke. Alde batetik, biosegurtasun eta higiene neurrien bidez, infekzioak etxaldean sartzea eta zabaltzea mugatuko dutenak eta bestetik, animalien immunitate-sistema indartuko duten txertaketa-programen bidez. Detekzio goiztiarrari esker, sintomak agertu aurretik ere identifikatu daitezke infekzioak, eta haiei eusteko neurri egokiak hartu daitezke. Agente patogeno bat dagoela baieztatuz gero, funtsezkoa da tratamendurik egokiena aplikatzea, eta, antibiotikoak eman behar badira, zuhurtziaz erabiltzeko giden arabera hautatzea, erresistentziarik sor ez dadin.
Antibiotikoekiko erresistentzia da gaur egun animalien ekoizpenerako erronka nagusietako bat. Abeletxeetan urteak daramatzate lanean antibiotikoen erabilera murrizteko eta antibiotikoak beti zuhurtzia irizpideekin erabiltzeko, erresistentzia horiek hedatzen jarrai ez dezaten.
NEIKEReko Animalien Osasun Saila elkarlanean ari da animalien osasun-egoera hobetzeko. Ildo horretan, diagnostiko-zerbitzu bat eskaintzen dugu, abeltzainek beren etxaldeetan dauden mikroorganismoak zehatz-mehatz ezagutzeko. Halaber, zaintza epidemiologikoko programak garatzen ditugu patogeno horien prebalentzia eta erresistentziak ezagutzeko. Programa horiei esker patogenoen eboluzioa jarrai dezakegu eta ezarritako kontrol-neurrien eragina ebaluatu dezakegu. Gainera, infekzio-arriskua murrizteko zenbait ikerketa-ildotan lan egiten dugu, animalien immunitate-sistema eta hautespen genetikoa sustatuz.
