NEIKER IKERGAZTE 2025en: Nazioarteko ikerketa euskaraz

Maiatzaren 28tik 30era bitartean ospatu zen Bilboko Euskalduna Jauregian IKERGAZTE 2025 kongresua, Udako Euskal Unibertsitateak (UEUk) antolatuta. Irabazi-asmorik gabeko elkarte kulturala da UEU, eta 50 urte baino gehiago daramatza hiru helburu nagusirekin lanean: euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea, euskal komunitate zientifiko-intelektuala artikulatzea eta eduki unibertsitarioak euskaraz sortu eta gizartearen eskura jartzea.

Bi urtez behin egiten den IKERGAZTE kongresuak diziplinarteko espazio bat sortzea du helburu, euskal ikertzaile gazteek beren lanak elkarbanatu, komunitatea osatu eta euskaraz goi-mailako zientzia egin daitekeela erakusteko. Aurtengo edizioan, 240 ikertzaile gaztek parte hartu dute, eta guztira 151 lan zientifiko aurkeztu dira, ahozko aurkezpen, mikroaurkezpen eta poster bidez. Gai ugari jorratu dira: zientzia naturalak, zientzia zehatzak, ingeniaritza, osasun-zientziak, gizarte-zientziak edo artea, besteak beste. Programa zientifikoak hizlari gonbidatuen hitzaldiak ere izan zituen; besteak beste, gazte transen inguruko hausnarketak, ekosistemen leheneratzea, material kuantikoak eta euskararen papera hizkuntza zientifiko gisa, Southamptongo Unibertsitatea, EHU, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa eta DIPC bezalako erakundeetako adituek eskainita, besteen artean.

NEIKER-ek parte-hartze aktiboa izan zuen kongresuan. Aitor Cevidanes izan zen Talde Dinamizatzailearen koordinatzailea, eta Patirke Ibarrondo-Mendiolak ahozko aurkezpen bat eskaini zuen: “Hamar urte tigreen atzetik Euskadin: eltxo inbaditzaileen ikerketa”. Aurkezpen horretan, azken hamar urteetan Euskadin eltxo inbaditzaileekin egindako ikerketa eta jarraipenaren ibilbidea azaldu zuen. Lan osoa hemen kontsulta daiteke: Artikulua UEUko aldizkarian

Gure parte-hartzeak oihartzuna izan zuen komunikabideetan ere. Eva Caballerok Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol saioan gure lankideak elkarrizketatu zituen, eta bertan eltxo hauek zabaltzen ari diren eremu berrien jarraipenaren garrantzia eta osasun publikoan izan dezaketen eragina azaldu zuten: Elkarrizketa osoa

NEIKER-en, IKERGAZTE bezalako ekimenak funtsezkotzat jotzen ditugu, ez bakarrik zientzia partekatzeko, baita euskal komunitate zientifikoa sendotzeko eta euskara goi-mailako eremu teknikoetan sustatzeko ere. Etorkizunean ere lanean jarraituko dugu gure ikerketa gizartearen zerbitzura egon dadin, baita euskaraz ere.

Argazkia: NEIKEReko Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *