NEIKER Food 4 Future azokan

Maiatzaren 13tik 15era bitartean, Bilbon ospatu zen Food 4 Future – Expo FoodTech azokaren edizio berria, elikadura-katearen berrikuntza eta iraunkortasunari buruzko nazioarteko topagune nagusietako bat. Urtero bezala, NEIKER-ek aktiboki parte hartu zuen ekitaldian, elikadura-sistemaren erresilientzia eta segurtasuna hobetzeko azken ikerketa-lerroak aurkeztuz. Animalien Osasun Sailetik, “Food Safety Risks Emerging from Climate Change” izeneko saioan parte hartu genuen, klima-aldaketak elikadura-segurtasunean dituen arrisku berriak aztertzen zituena.

Saioa Basque Center for Climate Change (BC3)-k egindako Relevant Risks for the Food Systems txostenaren aurkezpenarekin hasi zen, klima-aldaketaren elikadura-sistemetako ekoizpenean dituen eragin nagusiak aztertzen dituena.

Ondoren, eztabaida-mahai bat egin zen hiru arrisku-bloke nagusi jorratuz: lehorteak edo muturreko gertakariek eragindako kalteak laboreetan, arrantza-produktibitatearen galera espezieen banaketan edo populazioen aldaketetan oinarrituta, eta abere-sektorean izurrite, patogeno eta bektoreen hedapenak dakartzan arriskuak. Azken honetan parte hartu zuen NEIKER-eko Animalien Osasun Sailak.

Eztabaida-mahi honetan azaldu genuen nola klima-aldaketa, eta aldaketa globalarekin lotutako lur-erabileraren aldaketa edo globalizazioa bezalako beste faktore batzuk, kaparren eta eltxoen moduko bektoreen banaketa, ugaritasuna eta sasoikotasuna aldatzen ari diren. Testuinguru horrek Mendebaldeko Niloko birusa, Krimea-Kongoko sukarra hemorragikoaren virusa, piroplasmak edo mihi urdinaren birusa bezalako patogenoen agerpena, hedapena edo intzidentzia areagotzea errazten ari da.

Era berean, nabarmendu genuen nola lehorteek abereak eta fauna basatia ur-iturri gutxi batzuetan kontzentratzera behartzen dituzten, gaixotasunen transmisiorako foku berriak sortuz; eta euri-jasa handiek, berriz, eltxo bektoreentzako ugalketa-lekuen sorrera sustatzen dutela.

Testuinguru horretan, azpimarratu genuen ikuskapen integratua indartzeko beharra, eta One Health ikuspegia aplikatzekoa, animalien osasuna eta elikadura-segurtasuna arrisku berrien aurrean babestu ahal izateko.

Argazkia: “Food Safety Risks Emerging from Climate Change” eztabaida-mahaiko parte-hartzaileak.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *